Obren exekuzio epea ez betetzeagatik, Sekaña eremuko obrak gauzatzen ari den Bardera Obras Civiles y Marítimas S.L. enpresari, “uztailaren 14tik hasita obraren harrera akta sinatu arte” zigorra jartzea erabaki zuen udalbatzak joan den uztailaren 27an burutu zen osoko ohiko bilkuran. Erabakia Bildu eta EAJ-PNV-ko ordezkarien aldeko botoekin atera zen aurrera. Hamaikabatek abstentziora jo zuen.
Udalbatzak harturiko erabakia modu honetan zehazten da: “berandutzen diren egun bakoitzeko 144,55 euroko zigorra jartzea, eta gaurtik aurrera ordaintzen zaien zertifikazio bakoitzean, hilabete horri dagozkion egunen araberako zigorra ezarri eta ordaindu beharreko kopurutik deskontatzea”.
Udal txostenean aurrekari moduan gogorarazten denez, “Enpresak, 2012ko maiatzaren 16an, obraren exekuzio epea (2012ko ekainaren 13an amaitzen zena) uztailaren 30era arte luzatzeko eskatu zuen”. Gerora, ekainaren 26an udalbatzak dekretu bidez, “exekuzio epea uztailaren 13ra arte luzatzea” berretsi zuen. Horrez gain, “alkateak 2012/0586 dekretuaren bidez obra epe berriari zegokion lan programa aurkeztea, Sekaña goiko zatia ekainaren 27rako bukatzea eta azpi kontratazioaren inguruko dokumentazioa eskatzea erabaki zuen eta dekretu hau ere, Udalbatzak ekainaren 26an berretsi zuen”.
Andoaingo alkatea, Eskualdeko Enplegu Plana dinamizatzeko ordezkari
Ekonomia alorreko albiste baten berri ere eman zen uztailaren 27ko osoko bilkuran. Eskualdeko Enplegu Plana dinamizatzeko eskualdeko ordezkari gisa, Andoaingo alkate Ana Karrere izendatzea proposatu da. Joan den maiatzaren 29an sinatu zen, Sustapen Ekonomiko eta Enplegu gaietan eskualde mailako lankidetzarako protokoloa. Eskualdeko Enplegu Planak dinamizatzeko elkartutako udalerriek ordezkari bat izendatu beharra zuten. Aipatu moduan, Andoaingo Udaleko alkateak Donostia (Mendebaldea) ordezkatzea proposatzen da.