Bi kreditu aldaketa, 2012ko udal aurrekontuetan

Noaua Aldizkaria 2012ko abu. 28a, 00:00

2012ko Udal Aurrekontuei loturiko bi aldaketen berri ere eman zen uztaila amaierako osoko bilkuran. Batetik, kreditu gaikuntza motako aldaketa egiteko beharra sortu dela berri eman zen, Udalak jaso duen Foru Aldundiko diru laguntza bat tarteko. Horregatik, gaineratzen denez, “kreditu aldaketa finantzatzeko uste baino sarrera handiagoak erabiliko dira”. 11.800 euro guztira. Diru kopuru hau parte hartze egitasmoetara bideratu asmo du Udalak.

Hirugarren kreditu aldaketa baten berri ere eman zen azken osoko bilkuran; gastuen aurrekontu partiden arteko transferentzia bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedientea onartu zela alegia. Bertan, transferitutako kredituak biltzen dituen gastuen edo bajen eta gehitutako kredituak biltzen dituen gastuen edo alten zenbatekoa jasotzen da. 22.944 euro guztira.

Iazko Kontu Orokorra
Bestalde, Usurbilgo Udalaren 2011. ekitaldiko Kontu Orokorra behin betiko onartu zuen udalbatzak, joan den uztailaren 27an burutu zen osoko ohiko bilkuran, Bilduren aldeko bozkekin. EAJ-PNV eta Hamaikabateko ordezkariak abstenitu ziren. Horrekin batera zera erabaki zen, "Kontu Orokorraren Espedientea Herri Kontuen Euskal Epaitegiari igortzea, dagozkien azterketak egiteko".