Hauteskundeak urriaren 21ean, posta bidezko botoa eska daiteke jada

Noaua Aldizkaria 2012ko abu. 29a, 00:00

Joan den astean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek iragarri moduan, datorren urriaren 21ean ospatuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hitzordu horri begirako prestaketa lanak abian dira jada. Urriko hirugarren igandean Usurbilen egon ezin duten herritarrek, posta bidezko bota eskatu dezakete jada urriaren 11ra arte. Hauxe Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko web orritik aholkatzen dutena: "posta bidez bozkatzeko asmoa baduzu, ez itxaron azken ordura arte. Egin eskaera ahalik eta lasterren". Bozka hauen eskaerak posta bulegoetan egin daitezke. "Eskaera bete eta sinatu ostean, edozein posta-bulegotan aurkeztu behar da. Posta-zerbitzuko funtzionarioek nortasuna egiaztatzeko agiria aurkezteko eskatuko dute. Ez da inola ere horren fotokopiarik onartuko", ohartarazten du Herrizaingo Sailaren web orrialdeak.

Bozka, urriaren 17rako bidalia
Gero, "dagokion Hautesle Erroldako Bulegoko Ordezkaritzak, posta ziurtatu bidez, botoa emateko beharrezkoa den dokumentazioa bidaliko du, urriaren 1etik 14ra bitartean, posta bidezko eskaeran zuk adierazitako helbidera". Dokumentazioa jasota, posta bidezko bozka eskatu duen herritarrak, Eusko Legebiltzarrerako hautagai zerrendaren boto txartela aukeratu eta "Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2012 Elecciones al Parlamento Vasco" izeneko gutunazalean sartu beharko du, hautesle-erroldako inskripzioaren ziurtagiriarekin batera. Gutunazal hau, urriaren 17a baino lehen bidali beharko da. 

Kanpainan, urriaren 5etik aurrera
Aipatu moduan, hauteskunde eguna urriaren 21a izango dugu, baina lehenago abiatuko da hauteskunde kanpaina. Urriaren 5ean hain zuzen, eta hilaren 19ra arte luzatuko da.