Larunbatean herriko hainbat gazteek garai bateko Alkartasuna nekazal kooperatibako egoitza okupatu zuten. Horren aurrean, Usurbilgo Udalak honako prentsa oharra kaleratu berri du:
"Lokalen okupazioa ez da azken garai hauetan gertatzen ari den fenomeno isolatu bat. Gazteek dituzten beharrekin zuzenean lotzen den mugimendua da, Euskal Herrian nahiz Europa osoan ematen dena. Usurbilgo gazteek ere, beren egitasmoak garatzeko beharrezkoak dituzte espreski horretarako baliatuko diren lokalak. Eta garai honetan, Udalak ateak irekiak ditu gazteekin egoera hau aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko.
Duela egun gutxi Ugartondoko eremuan dagoen lokal bat okupatu zuten herriko zenbait gaztek. Udalak bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa du; erabateko lehentasuna emanaz Babes Ofizialeko 48 etxebizitzari. Proiektu hau lehenbailehen gauzatu ahal izateko tramite guztiak betetzen ari da Udala. Abuztuaren hasieran gauzatu zen birpartzelazio proiektuaren behin betiko onarpena. Beraz, Udal Gobernu honen helburua da etxebizitzak lehenbailehen eraikitzea, usurbildarrek, eta bereziki gazteek dituzten premiazko behar sozialei erantzunez. Gure nahia eta konstruktoreena etxe hauek ahalik eta azkarren eraikitzea da. Beraz, Udalak ez du okupatu den lokala egokitzat ikusten gaztetxearen proiektua garatzeko.
Okupazio honek sortu duen egoerari berehalako irtenbidea eman nahi dio Udalak. Horretarako, alkatea gazteekin eta eraikinaren jabeekin adostutako irtenbide bat emateko saiakera egiten ari da".