UZZ, olio bilketari buruz: "Aldaketa egin eta berehala hobetu dira bilketa-kopuruak"

Noaua Aldizkaria 2012ko abu. 29a, 00:00

Ekainaren 1az geroztik martxan den olio bilketa sistema berria baloratu du web orri bidez, Usurbil Zero Zabor (UZZ) bilguneak. Adierazi dutenez, "aldaketa egin eta berehala hobetu dira bilketa-kopuruak". Aldea zenbakitan islatu dute. Sistema zaharrean, asko jota sukaldean erabilitako 310 litro olio bildu izan dira. Saltokietan jasotzeko sistema berriarekin aldiz, joan den ekainean 520 litro bildu ziren. UZZ-ko kideek gogorarazten dutenez ordea, "oraindik asko dugu hobetzeko, kopuru honekin, erabilitako olioaren laurdena ariko bait ginateke jasotzen. Alegia, sortzen dugunaren beste 3/4 oraindik estoldetara doala".

Gogoan izan, etxean erabilitako olioa, San Markoko kamioian eta Pikaolako garbigunean biltzeaz gain, hiru larrialdi guneetan eta saltoki hauetan ere jasotzen dute: Alkartasuna kooperatiba, Imanol Txapartegi harategia, Aliprox supermerkatua, Alkorta Autozerbitzuak, Artzabal supermerkatua, Esnaola Echave, Otar Goxo, Txalaka fruta denda eta Eiza denda. Guztira beraz, udalerriko 14 guneetan burutzen da etxeko olio erabiliaren bilketa. 

Ondoko irudian, joan den uztailaren 13an, Irrien Lagunek sukaldeko olioa birziklatzeko herritarrei luzatu zieten gonbita.