Bi egun baino ez dira falta Atxegalde festetan murgiltzeko, eta Jai Batzordekoak azken prestaketa lanetan dabiltza jada. Ondoko irudian ageri den moduan, auzoa itxuraldatzen eta festa girorako egokitzen hasia da jada. Ostiraletik igandera, abuztuaren 31tik irailaren 2ra bertara gerturatzeko hainbat aitzakia izango da. Tartean, baita nobedadeak ere. Urtero moduan, larunbat gauez, Josune Aranbururekin kantu afaria ospatuko da. Aurtengoa ordea, mozorro kantu-afaria izango da. Hau da, animatzen dena mozorrotuta agertu liteke. Gaia ere proposatu dute Jai Batzordetik; "hippy" itxuraz agertzea. Gonbita luzatua dago beraz. Afaritarako txartelak salgai daude Alkorta saltokian, Irrati eta Artzabal tabernetan.
Sari ugari mus txapelketan
Ostiralean abiatuko dira auzoko festak, 20:00etan jaurtiko den txupinazoarekin. Aldez aurretik ordea hitzordurik izango da: batukadak giroturiko triki poteoa ospatuko da. Jaietako lehen suziria jaurtita, txozna ireki eta gauean lehen kontzertuen txanda.
Larunbatean zehar, haurrei zuzenduriko ekitaldiak nagusituko dira. Tartean ordea, mus txapelketa ospatuko da, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Karta jokoan parte hartzeko asmoa duten zaletuek, ordu erdi lehenago agertu beharko dute txozna ingurura, izen emateko. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Lehen lau bikote sailkatuentzat honako sariak iragarri dituzte Jai Batzordetik:
1. saria: txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta bi txanpain botila.
2. saria: kopak, lau untxi, mariskada eta 2 txanpain botila.
3. saria: kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4. saria: kopak, kostilla eta bi txanpain botila.
Jaietako azken egunean, igandez, toka, aizkolari edota patata tortilla lehiaketak ospatuko dira. Haurrei zuzenduriko ipuin kontaketak eta azken trakak borobilduko dituzte aurtengo Atxegaldeko festak.
Hona hemen prestatua duten egitaraua:
Abuztuak 31, ostirala
17:31 Herri poteoa Dinbi-Danba batukadarekin.
20:02 Txupinazoa.
Jarraian, txoznaren irekiera eta luntx mundiala.
Ondoren, buruhandiak.
23:03 Kontzertuak: Urrezko Muxkerrak, Luz De Putas eta Gabezin.
Irailak 1, larunbata
11:06 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.
Ondoren, buruhandiak.
14:09 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria).
16:01 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:32 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
21:04 Mozorro-kantu afaria Josunerekin. Txartelak salgai: Alkorta saltokian, Irrati eta Artzabal tabernetan.
Gauean kontzertua: Ingo al deu.
Jarraian, Dj Gude.
Irailak 2, igandea
12:05 Aizkolariak.
Ondoren, salda eta pintxo banaketa.
16:37 Toka txapelketa.
18:02 Tortilla lehiaketa.
Ondoren, haurrentzako ipuin kontaketa.
22:38 Azken traka.
Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.