Gaur goizeko 11:00etan abiatzekoa zen, gaixotasun larriak dituzten 14 euskal preso politikoak aske uztea eskatzeko aste hasieran deitu zuten lau eguneko martxa. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu berri du aipatu ekimena. Antolatzaileek Donostia Hospitalean bilduta, martxa bertan behera uztea erabaki dute, hedabideek berri eman dutenez. BERRIA-k adierazi duenez, "12:00etan, 70 urteko frantziskotar batek Donostiatik Zarautzerako ibilbidea abiatuko du. Berarekin aulki bat eramango du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sinbolo". Bestalde, larunbaterako manifestaldia deitu dute Donostian. 17:30etan abiatuko da Antiguatik.
Asteazken honetan ekin eta larunbatean amaitzekoa zen ibilbideak, Iosu Uribetxebarria presoa egun dagoen Donostia Hospitala eta bere jaioterria, Arrasate, lotu asmo zituen. Bidean, gaixo dauden 14 euskal preso politikoak aske uztea eskatu nahi zen.
Aipatu moduan, ibilbideko lehen zatia gaur bertan burutzekoa zen, Donostia Hospitala eta Zarautz artean. Eguerdian Usurbil eta Aginaga zeharkatu behar zituen; Usurbil 13:30ak aldera, eta Aginaga, 14:20 aldera, Usurbilgo Ezker Abertzaleak web orri bidez berri eman duenez. Martxan parte hartzekoak zirenek gainera, Aginagan bertan atseden hartu eta leku berean bazkaldu behar zuten.
Ondoko irudian, asteburuan Iosu Uribetxebarria preso politikoa aske uztea eskatzeko Usurbilen burutu ziren mobilizazioak. Jose Luis Castro epaileak preso arrasatearra bisitatu zuen atzo, Donostia Hospitalean.
Irudia: usurbileginez.com