Gaztetxeko kideek komunikatu bat helarazi berri dute NOAUA!ra. Hona hemen testua, bere osotasunean:
"Herrian egindako galdeketek erakutsi zuten bazegoela gaztetxe baten nahia, baita beharra ere, eta, dakizuen bezala, pasa den larunbatean sindikatu zaharra okupatu genuen. Egiten ari garenaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko, egindako batzarretan adostutakoak herritar guztiei helarazi nahi dizkiogu.
Lehenik eta behin, okupazioaren lehen orduetan gertatutakoa azaldu nahi dugu: Eguerdiko triki-poteoaren ondoren eraikinera sartu eta goitik behera txukundu genuen Usurbilgo gazte askoren artean. Garbiketen ostean, inaugurazio lunch-a egin genuen. Gaualdera, bertsio kontzertua hastekotan ginela, ertzaintzaren bisita jaso genuen, jabeak salaketa jarri zuela adieraziz. Egoera honen aurrean, udalbatzako hainbat pertsona gerturatu ziren gugana, eta beraiekin hitz egin ostean, alde egin zuten.
Sindikatu zaharra okupatu geroztik denbora gutxi pasa da, eta zalantza handiak daude, oraingoz, epe motzera gerta daitekeenarekin. Okupazioaren ondorengo orduetan jakin genuen lehenago edo beranduago okupatutako eraikineko lurretan etxebizitza proiektua egin egingo zela; nahiz hasiera batean, esan bezala, leku honen aukeraketa egitean, bertan egingo zen proiektua geldirik zegoela uste genuen. Gaztetxeak, alde horretatik, ez du inolako oztoporik jarriko proiektu hori aurrera atera dadin.
Usurbilek gaztetxea behar du, autogestionatua, eta ez bada oraingo eraikinean, beste batean. Esan bezala, ez dugu inolako liskarrik nahi, prest gaude eraikinaren arduradunekin akordio batetara heltzeko; obrak hasi bitartean behintzat, eraikinari ahalik eta probetxu handiena atera eta gaztetxe dinamika sortzeko nahia dugu.
Gaztetxea okupatzea ITAYAren ekimena izan bazen ere, garbi utzi nahi dugu bertan gabiltzanok ez garela talde horretako jendea bakarrik. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzen dugun usurbildarrak gara, azken finean. Herritik sortutakoa herriari eskaintzea, hori da gure helburua.
Gaztetxeak herritar guztientzako tresna izan nahi du, herriarentzat lan egingo baitugu. Guztion parte hartzeak emango dio bizia gaztetxeari, eta herriari. Herriko taldeei ere osatu berri dugun asanbladan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu, guztion elkarlana dela iruditzen baitzaigu biderik zuzenena. Gaztetxeak herritar guztion bilgune izan nahi du, eta horrek guztion parte hartzea eskatzen du. Aprobetxatu dezagun aukera hau indarrak metatu eta bestelako herri-eredua lortzeko!"