Gaur arratsaldeko 17:30etatik aurrera jokatuko da datozen bi igandeotan ospatuko den Kontxako Banderarako sailkapen proba. Lehenbizi emakumeen arteko txapelketa jokatuko da. Eta jarraian, 18:00etatik aurrera gizonezkoena. Guztira 31 traineru Donostiako uretan; 24 gizonezkoetan, 7 emakumezkoetan. Beste urteetan bezala, gaur ere herritarrak lehian ikusi ahal izango ditugu. Orioko taldean, Sarai Lizaso usurbildarra. Getaria-Tolosan, Usurbilen bizi den getariar bat: Argizka Balentziaga. Eta gizonezkoen txapelketan, aginagar bat; Iñaki Errasti Kaikun.
Aipatu moduan, 31 traineru bilduko dira ostegun honetan Donostian. Guztiak Kontxako Banderarako txartel preziatua lortzeko asmotan. Honako hauek hain zuzen:
Emakumezkoak:
-Getaria-Tolosa, Hibaika, Hondarribia, Orio, Rianxeira, San Juan eta Zumaia.
Gizonezkoak:
-A multzoa: Kaiku, Hondarribia, Urdaibai, Tiran, San Pedro, San Juan, Castro, Astillero, Portugalete, Pedreña, Zumaia eta Zierbena.
-B multzoa: Camargo, Chapela, Elantxobe, Getaria, Hibaika, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Santurtzi, Santoña, Trintxerpe eta Zarautz.
Giro kaskarra
Arraunlariek eguraldi kaskarra izango dute gaurkoan. Euskalmet-en arabera, alerta horia indarrean jarriko du gaur eguerditik gauerdira itsaso txarragatik. Web orri bidez jakitera ematen ari direnez halere, "Olatuen altuera adierazgarriak 2 m-ko altuera gainditzeko probabilitatea txikia da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 m inguruko olatuak altxatzeko probabilitatea txikia da". Honi euria eta ipar mendebaldeko haize zakarra gehitu behar horixe abuztuaren 30 honetarako Euskalmet-ek egin duen iragarpena. Zalantzarik gabe, ikusgarria izango da gaurko sailkatze proba.
Kontxako Banderako bi jardunaldiak datozen bi igandeotan jokatuko dira; irailaren 2an eta 9an. 11:30etatik aurrera emakumezkoen arteko lehia, eta 12:00etatik aurrera gizonezkoen artekoa.