Bost eguneko festa giroa argazki eta bideoetan jaso du Usurbilgo Udalak, aurtengoan ere. Grabaturikoa erakusteko ordua da orain. Iaz bezala, aurten ere, Santixabeletako argazki eta bideo bilduma proiektatuko da irailaren 8an, gaueko 22:00etatik aurrera frontoian. Bi herritarrek eginiko lanaren emaitza ikusteko aukera egongo da ekitaldian; Ibai Arrietak ateratako argazkiak eta Peru Galbetek grabaturiko bideoak.
Ondoren, antzerkia
Santixabeletako argazki eta bideo proiekzioa ikustean, ez mugitu frontoitik. 23:00etatik aurrera, antzezlan bat eskainiko baita bertan. Markeliñe taldearen "Terapia". Iñaki Egiluz, Joserra Martinez, Jon Kepa Zumalde, Paco Trujillo, Gloria Hernandez, Olaia Larrucea eta Marijo De La Hoz antzezleek parte hartuko dute. Emanaldia, irailean zehar ospatuko den Topa Eszenikaren laugarren edizioaren baitan antolatu dute Txerriki Antzerki taldeak eta Usurbilgo Udalak.
Amodiotik desamodiora igarotzeaz eta bikote terapiaz dihardu antzezlanak. “amodiotik desamodiora pauso bakarra dago: denbora igarotzearen pausoa. Egun batean zoriontasunaren gorena ukitzen dugu, gure laranja erdia aurkitu dugula sentitzen dugulako. Beste egun batean, handik denbora batera, aurrekoa bezain ziur, gure bidaian laguntzeko pertsona okerra aukeratu dugula sentitzen dugu. Eta hori gertatzen zaigunean, zer egin dezakegu? Aukerak:
-Bat: Banandu (onera edo txarrera).
-Bi: gehienetan, abantaila baino desabantaila gehiago dituen maitasunaren fase horietakoren batean gaudela onartu.
-Hiru: bikote terapiara joan.
Hori izan da gure aukera. Terapeutak agertu direnetik, orain arte imajinatu ere egiten ez genituen adiskidetzeko aukera guztiak agertzen zaizkigu. Terapiak, hegaz egiten uzten ez diguten korapilo ikusezin horiek askatzen erakutsiko digu".
Hurrengo hitzordua, Markeliñe taldearekin berriz, irailaren 15ean. Haurrei zuzenduriko “Zoozoom” kale antzerkia eskainiko dute, 18:00etatik aurrera frontoian.