Euskal Herriko 60 udalerritik gora, egun eta ordu berean euskararen alde lasterka aritzeko deia luzatu dute Kontseiluak, eta lekuan lekuko herri eragile eta udalek irailaren 22rako. Baita Usurbilen ere. Udalak, eta zenbait herri eragilek bat egin dute Kontseiluak deituriko "Euskaraz bizi nahi dut" izeneko ekimenarekin. Bi lasterketa ospatuko dira herrian, iraileko laugarren larunbatean. 16:30etatik aurrera, 500 metroko haurren lasterketa ospatuko da. 17:00etatik aurrera helduen txanda izango da, eta Kaxko inguruak zeharkatuko dituen lau kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Aipatu beharra dago ez dela lasterketa lehiakorra izango, ongi pasatzea da helburua. Amaieran, parte hartzaileen artean zozketak burutuko dira. "Euskaraz bizi nahi dut" lasterketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman ahal izango da, www.euskarazbizinahidut.org helbidean edota Potxoenean. Baita lasterketa egunean bertan ere, Kiroldegian. Euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatu nahi da Kontseiluak deitu duen ekimen berri honen bidez.