Atxegalde jai giroan gaurtik, 20:00etan txupinazoa

Noaua Aldizkaria 2012ko abu. 31a, 00:00

Iritsi da eguna, gaur lehertuko da festa giroa Atxegalden. Auzoan dena prest dago, asteburu osoz jai giroan murgiltzeko. Antolatzaileek 20:00etan jaurtiko dute, festei hasiera emango dien txupinazoa. Txozna irekiko dute gero eta luntx mundiala ere iragarri dute. Edozein kasutan, txupinazo aurretik herri poteoa iragarria zuten arratsalderako, Dinbi-Danba batukada taldekoekin. Kaxkoko kaleak girotzen aritu dira, txupinazo aurreko orduetan. Urrezko Muxkerrak, Luz de Putas eta Gabezin taldeen kontzertuek borobilduko dute eguna. 

Mozorro-kantu-afaria bihar
Bihar, larunbata, haurrei zuzenduriko jolasek izango dute goizeko protagonismoa. Arratsaldean, txokolate jana izango dute eta jarraian buruhandiak. Tartean, bazkalostean, mus zaleek Atxegalden dute irailaren 1eko hitzordua, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Karta jokoan parte hartzeko asmoa duten zaletuek, ordu erdi lehenago agertu beharko dute txozna ingurura, izen emateko. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Lehen lau bikote sailkatuentzat honako sariak iragarri dituzte Jai Batzordetik:
1. saria: txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta bi txanpain botila.
2. saria: kopak, lau untxi, mariskada eta 2 txanpain botila.
3. saria: kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4. saria: kopak, kostilla eta bi txanpain botila. 

Gauean berriz, urtero moduan Josune Aranbururekin kantu afaria ospatuko da. Aurtengoa ordea, mozorro kantu-afaria izango da. Hau da, animatzen dena mozorrotuta agertu liteke. Gaia ere proposatu dute Jai Batzordetik; nahi duenak "hippy" itxuraz agertzea. Gonbita luzatua dago beraz. Afaritarako txartelak salgai daude Alkorta saltokian, Irrati eta Artzabal tabernetan.

Desafio eta txapelketak, igandean
Jaietako azken egunean, herri kirolen eta txapelketan txanda. Goizean aizkolariak eta bazkalostetik hasita, toka eta patata tortilla txapelketak. Haurrei zuzenduriko ipuin kontaketa saioak eta gaueko 22:30ak alderako iragarria dagoen azken traka koloretsu eta burrunbatsuak ekarriko du, 2012ko Atxegaldeko festen amaiera.

Txupinazoa zuzenean, sare sozialetan
Atxegaldeko festen hasierari, gertuko jarraipena egingo diogu sare sozialen bidez. Hona hemen, Jai Batzordeak asteburu osorako prestatu duen egitaraua:

Abuztuak 31, ostirala
17:31 Herri poteoa Dinbi-Danba batukadarekin.
20:02 Txupinazoa.
Jarraian, txoznaren irekiera eta luntx mundiala.
Ondoren, buruhandiak.
23:03 Kontzertuak: Urrezko Muxkerrak, Luz De Putas eta Gabezin.

Irailak 1, larunbata
11:06 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.
Ondoren, buruhandiak.
14:09 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria).
16:01 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:32 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
21:04 Mozorro-kantu afaria Josunerekin. Txartelak salgai: Alkorta saltokian, Irrati eta Artzabal tabernetan.
Gauean kontzertua: Ingo al deu.
Jarraian, Dj Gude.

Irailak 2, igandea

12:05 Aizkolariak. 
Ondoren, salda eta pintxo banaketa.
16:37 Toka txapelketa.
18:02 Tortilla lehiaketa.
Ondoren, haurrentzako ipuin kontaketa.
22:38 Azken traka.

Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.