Denboraldi berria hastear duten honetan, Usurbil Kirol Elkartetik lagun arteko bi neurketa jokatuko direla iragarri dute. Partidak larunbat arratsalde honetan ospatuko dira, 17:30etatik aurrera Oiardo kiroldegian. Usurbildarrak C.BM. Huarte taldekoak hartuko dituzte. Hemen, neurketon ordutegiak:
17:30 Jubenil mutilak: Usurbil KE-C.BM. Huarte.
19:00 Senior mutilak, 2.nazionala: Atez Ate Usurbil-C.BM. Huarte.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Eskubaloiko senior taldeek, irailaren 30ean hasiko dute denboraldi berria
Datorren denboraldiko neurketen egutegia zein izango den jakitera eman du, Euskal Eskubaloi Federazioak. Batetik senior mailako nesken taldeak irailaren 30ean hasiko du 2012-2013 kirol urtea. Oñatin, Aloña Mendi taldekoen aurka. Ligako lehen fasea, Andoainen amaituko dute hurrengo urteko otsailaren 17an, Andoaingo CDB Leizaran taldekoekin jokatuko duten neurketan. Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, “gure taldeak sailkapena lortuko balu, Estatu mailako Zilarrezko Ohorezko mailara igotzeko Euskadiko fasea jokatuko luke, eta hor ere sailkatuko balitz, Estatu mailako sektorea”.
Iraileko azken asteburuan ekingo dio denboraldi berriari baita, seniorren 2.nazional mailako taldeak. Gasteizen, Corazonistas taldearen aurka jokatu beharko duten neurketarekin. Liga etxean amaituko dute, apirilaren 21ean. Trapagarenekoak (Bizkaia) bisitan izango dituzte Oiardon. “Onenen artean bukatuz gero, liga ostean 1.nazional mailara igotzeko Estatu mailako fasea jokatuko luke gure taldeak”, berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.