Odol emaileek hitzordu berria dute gaur, ohiko ordutegi eta lekuan; anbulatorioan, 18:00-20:30 artean. Uztaileko azken deialdian 60 lagunek eman zuten odola, horietatik bost emaile berriak ziren. Behin eta berriz odol emaileen beharra dutela nabarmendu izan dute, Usurbilgo taldetik.
Baina ez hori bakarrik. Bilguneko zuzendaritza talderako boluntarioak behar dituzte, "kide berriak nahi ditugu, eta behar ditugu. Bolondres berriak behar ditugu taldean ordezkaritza hau aurrera eraman ahal izateko. Orokorrean, taldearen lana, emanaldiak antolatzea eta harremanak bai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin bai Udaletxearekin izatea da. Erabakiak konpromezua eskatzen du, ahal bada behintzat, ez dedila izan gaur hasi eta bihar utzi. Taldean aurrera jarraitu nahi dugu, baina indar berriaren beharrean gaude. Horregatik egiten dugu dei hau. Animatuz gero, harremanetan jarri gurekin". Interesdunek email bat bidali dezakete odolausurbil@begira.com helbidera edo 615 760 458 telefono zenbakira deitu.