Gaztelekuko ikasturte berria hasteko, My Got txapelketa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 3a, 00:00

Abuztuan itxita egon ostean, ikasturte berria abiatu dute Gaztelekuan. Herenegun ireki zuten, eta aurrerantzean, astelehen, ostegun eta larunbatetan, "bertan izango gara zuen zain" luzatu dute gonbita. Ikasturteari gainera, aurpegi berriekin ekingo diote, Gaztelekutik ohartarazi dutenez, "Itziarrek izan du bere haurtxoa, jaio da Hodei txikia, Eneritz Menorkan dago eguzkia hartzen eta Saioa Perun, baina lasai Irati eta Ander izango dituzue zain".

Hezitzaile berriak hasi dira lanean beraz 12-16 urte arteko gazteak biltzen diren gunean, eta haiek ezagutzeko, baita uda ostean gazteak berriz elkartzeko, larunbat honetarako hitzordua antolatu dute. "Hasiera on bat emateko My Got txapelketa antolatu dugu. Gaztelekuan egongo da izen emate orria, beraz, anima zaitezte! Ondoren, picnic txiki bat egingo dugu, horretarako norberak jateko zerbait ekarri dezala", ohartarazi dute Gaztelekutik.

Azkeneko beste ohar bat, DBH 1. mailako ikasleei zuzendua; "Gaztelekura azaldu nahi baduzue, zuentzat hilaren 15ean hasiko da baina, aurretik joango zaizkizue ikastolara azalpenak ematera".