Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea deitu du Itayak, ostiralean Atxegalden

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 4a, 00:00

"Usurbil osasuntsuago bat lortzeko" kutsaduraren aurkako elkarretaratzea deitu du Itaya Gazte Asanbladak, ostiral honetarako, irailaren 7rako. Hitzordua, Atxegalden finkatu dute arratsaldeko 20:00etan, N-634 errepide ondoan. Web orrialde honetara helarazi duten mezu baten bidez iragarri dute ekimena, eta kontzentrazio honen bidez, "Ucin lantegiak kutsatzen jarraitzen duela salatuko dugu eta behar diren neurriak har ditzala eskatuko diogu enpresari arazo honi amaiera eman diezaion". Herritarrei bertaratzeko gonbita luzatzen diete gazte asanbladatik. 

Aire kalitateari buruzko udal txostena ikusgai
Usurbilgo aire-kalitatearen inguruko txostena zintzilikatu du Usurbilgo Udalak web orrialdean. Argitara eman duen albistean aipatzen denez, "2008az geroztik, Buruntzaldeko Udalek eta EHUk eskualdeko airearen kalitatea aztertu dute. Duela gutxi, urtez urte egin diren neurketen txostena kaleratu da. Oro har, Usurbilgo aire-kalitatea ona da. Zenbait parametro neurtu dira eta elementu kutsakorrek gora egin badute ere, arruntak jo daitezkeen neurrien barruan kokatzen dira".