Foru Aldundia Europako Batzordean egon da, zero zabor estrategia aurkezten

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 4a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat, "Gipuzkoa zero zabor norabidean jarriko duen hondakinen garapenerako estrategiaren berri" ematen aritu da Europako Batzordean. Iñaki Errazkin ingurumen diputatua, Juan Carlos Alduntzin kabinete burua eta Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria William Nealek, Janez Potocnik Ingurumen komisarioaren hondakinen saileko arduradun nagusiarekin bildu ziren atzo, Aldundiak gipuzkoaberri.net web orri bidez berri eman duenez. "Bilera hau uda hasieran egindako beste bilera baten jarraipena da, aurrekoan estrategia berriaren nondik norakoak azaldu ostean, Europako Batzordeko Ingurumen departamenduko arduradunek interesa azaldu baitzuten gaian sakontzeko", gaineratu dute Aldunditik. 

Horrez gain, bi erakundeen arteo elkarlana nola sustatu aztertzeko bildu dira Aldundikoak Europako Batzordeko ingurumen sailekoekin. Aldunditik berri eman dutenez, "Europako Batzordeko Ingurumen saila hondakinen kudeaketaren 2020rako egitasmoa lantzen ari da azken hilabeteotan eta Foru Aldundiak estrategia horretan oinarrituta garatu du Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren eredu berria. Kudeatzeko eredu honek hondakinak baliabide gisa hartzen ditu eta baliabide ekonomiko diren neurrian zabortegietan ez isurtzeko eta errauste plantetan ez erretzeko helburua du. Bestetik, Foru Aldundiko ordezkaritzak hondakinen gaia lantzen duten europarlamentari zenbaitekin bilerak egingo ditu, hauei ere Gipuzkoako estrategia azaltzeko eta haien iritzia jasotzeko", adierazi dute gipuzkoaberri.net web orrialdean.