Astelehenaz geroztik, zabalik dago Etumeta-AEK euskaltegian matrikulatzeko epea. Izen emateko ordutegi honetan gertura daiteke Kale Nagusia, 45 behean kokatua dagoen euskaltegira: astelehenetik ostiralera, 11:00-13:00 artean, edo 18:00-20:00 artean. Deitu bestela, 607 609 379 telefono zenbakira. Edo idatzi email bat, usurbil@aek.org helbidera.
Honako eskaintzan eman daiteke izena: goizeko taldean (astelehenetik ostegunera, astean 10 ordu, bi ordu eta erdiko klaseak), arratsaldeko taldean (astelehenetik ostegunera, astean 8 ordu, bi orduko klaseak), edo EGA prestatzeko taldean (astean hiru egun, bi ordu eta erdiko klaseak).
Euskaltegitik bertara gerturatzeko gonbita luzatzen dute, "inoiz ez da berandu" euskara ikasi edo hobetzeko, "premia badago, beti da garaia". Klaseak norbere beharretara bideratzen dituzte, horretarako gainera, ikasturte hasieran, "beti diagnosi bat egiten da". Hortik aurrera, taldeak osatuta, bakoitzak bere erritmoa darama ikasturtean zehar. Ohi bezala, klaseak urria heltzearekin batera hasiko dira.
Mintzalagunen, parte hartzea gorantz
Mintzalagun ekimenak ere jarraituko du ikasturte honetan ere. Bertan parte hartzen ari direnen aldetik gustura dabiltza, eta euskaltegitik gaineratzen dutenez, "taldea sendotu, finkatu da. Urtetik urtero jende gehiagok parte hartzen du". 40 inguru mintzalagun ditu jada, Usurbilek. Ekimenaren helburua, kalean ere euskaraz hitz egitea da. "Klaseak oso garrantzitsuak dira. Baina are gehiago, klasetik kanpo egiten dena. Euskaraz hitz egitea", adierazi digute Etumetatik. Mintzalagunen parte hartzeko gogoz denak, euskaltegira izen ematera joan besterik ez du.
Korrika 18
Atzo aurkeztu zuten ikasturte berrirako AEK-ren kanpaina, "Euskara bizia" lemapean. Aurtengoak ekimen ezagun bat bueltan dakar. Ez ahaztu, bi urtez behin ospatu ohi den euskararen aldeko lasterketa ere, 2013ko martxoan burutuko da. Korrika badator, adinez nagusi bihurtuko duen 18. edizioarekin. Zehaztasun guztien berri, datozen hilabeteetan emango dute.
Diru-laguntzak
Euskara ikasten ari direnek udal diru-laguntzak jasotzeko aukera izan ohi dute. Matrikula kostuaren %80 itzuli ohi zaie, ehuneko berean klaseetako asistentzia izan duten ikasleei. Matrikula kostuaren %100 itzultzen zaie aldiz, langabetuei eta 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoei. Eskaerak egiteko deialdia ekainean burutu ohi du Usurbilgo Udalak.
Euskaltegiko lana gizarteratzeko lanabes berriak
Euskaltegi barruan burutu ohi duten lana gizarteratu asmoz, blog berri bat zabaldu dute Usurbil eta Lasarte-Oriako Etumeta eta Muntteri euskaltegiek: muntteri.blogspot.com.es. Bertan, ikasleek ateratako argazkiak edota eurek prestatutako testuak zintzilikatzen dituzte. Euskaltegi barruan zein kanpoan burutzen duten jardunaren isla izan nahi du blog berriak. Etumetatik iragarri dutenez bestalde, urte amaierarako sare sozialetarako jauzia egin nahi dute.
Irudia: Etumeta AEK.