NOAUA! aldizkaria 500. zenbakira heldu da. Zenbaki borobila aitzakia hartuta, aldizkaria eta web orrialdea itxuraz berritu ditugu. Guztia, aldizkariaren aurreko diseinuak eta web orriak berak, hain justu, hilabete honetan 10 urte beteko dituztenean. 2002. urteko irailean eman zen NOAUA! (orduan hamaboskaria), diseinua berritu eta web orri hau sortzeko pausoa. Hamarkada bat igaro da ordutik, eta gaur, 2012ko irailaren 6 honetan bi euskarriek itxura berria estreinatuko dute.
Gaztetxea, aurtengo ikastaroak, datozen hitzorduak...
500. NOAUA! aldizkariak, besteak beste, Usurbilgo Gaztetxea hizpide nagusietako bat izango du. Ikasturte berri honetarako herri eragile desberdinek antolatu dituzten ikastaroen informazio osoa ere eskuragarri izango duzue. Baita uztaila amaieran burutu zen osoko bilkuran hartutako erabakien edota datozen hitzorduen berri ere; Udarregi Sariketaren itzulera, IV. Topa Eszenika... Astekariaren zenbaki borobil honetaz ezin ahaztu ezta, eta NOAUA!-k sorreran izan zuen lehen zuzendaria elkarrizketatu dugu; Olatz Altuna herritarra. Berarekin denboran atzera egin, eta aldizkari honen lehen urteak gogora ekarri dizkigu.
500. NOAUA! web orrialde honetan duzue jada, PDF bertsioan aldizkari osoa. Etxez etxeko banaketa hasia da. Paperean jasotzear izango duzue.
Sare sozialekin bat eginik
Aldizkariaren ildotik itxura desberdina du baita web orriak ere. Irudi korporatibo berria estreinatzearekin batera, kolorez edota tamainaz aldatu dira albisteen atala edota herrian burutuko diren ekitaldien informazioa jasotzen duen Agenda. Web orrialdeko tarte gehienek bere horretan jarraituko badute ere, bada nabarmentzeko berrikuntza bat; sare sozialekiko lotura indartu da oraingoan. Aurrerantzean, Noaua!ko Twitter kontuan plazaratzen diren mezu guztiak web orrian bertan ikusi ahal izango dituzue. Mezu berriak bertan idazteko bidea ere erraztu da modu honetan.