Izen ematea zabalik, V. Baxurde Krossean

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 6a, 00:00

Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeko kideak kirol zaletasuna eta herri giroa pizten duen kirol proba herrikoia prestatzeko lanetan murgilduak dabiltza, badator eta V. Baxurde Krosa. Irailaren 16an ospatuko da aurtengoan, leku aldaketa eta guzti. Mikel Laboa plazan burutzen ari diren lanak tarteko hain zuzen, lasterketaren irteera eta helmuga puntuak gune berria izango baitu; 2012. urteko Baxurde Krosa, Oiardo Kiroldegian hasi eta amaituko da. 

Gainerakoan, aurreko edizioetako nortasunari eutsiko dio Baxurde Krosak. Goizeko 11:00etan Kiroldegi parean prest egon beharko dute lasterkariek, Kaxkoa, Santuenea, Zubieta edota Kalezar zeharkatuko dituen 10,75 kilometroko ibilbidea osatzeko. Irteera eta helmuga puntuak salbu, zirkuitua iazko bera izango da. 

Izen ematea
Baxurde Krosean parte hartu asmo dutenek, aldez aurretik izena eman dezakete Oiardo Kiroldegian, (irailaren 13ra arte) edota kirolprobak.com web orrian. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, txip horia dutenek aldez aurretik 10 euro ordaindu beharko dituzte, 13 euro egunean bertan. Txip horirik ez dutenek aldiz, 12 euro aldez aurretik edota 15 euro egunean bertan Kiroldegi parean, 9:00-10:30 artean. Baxurde Txikitik apuntatzea proba egunerako ez uztea eskatzen dute. “Ahal duen guztiari aurrez apuntatzeko deia egiten diogu, egunean bertan guri lan asko aurrezten digulako”, adierazi dute. Proba antolatzen lagundu duten guztiei esker ona helarazi nahi diete Baxurde Txikitik.