Bota Punttubakoek iaz estreinakoz antolatu zuten Udarregi Sariketaren bigarren edizioa iragarri dute udazken honetarako. Hasiera batean, lehen edizioak jarraipena baldin bazuen, ekimena bi urtez behin ospatzekotan geratu ziren bertsozale taldekoak. Azkenean ordea, iaz Gipuzkoako Txapelketarekin eta datorren urtean Euskal Herrikoarekin egokituko zela jakinik, Udarregi Sariketa 2012an berriz ospatzea erabaki dute. Eta lehen saioa irailaren 15erako iragarria dago.
Iaz bezala, hasteko aurten ere bi finalerdi jokatuko dira. Lehen saioan, hilaren 15ekoan, sei beterano lehiatuko dira eta 6 gazte Aginagako San Praixkuetan. Finalerdi bakoitzetik hiruna bertsolari igaroko dira (saio bakoitzean entzuleak finalista bat hautatuko du), azaroaren 17an ospatuko den final saio handira.
Hasteko, aipatu moduan, sei bertsolari beterano bilduko ditu Bota Punttubak irailaren 15ean, 14:00etatik aurrera Agerialden ospatuko den bertso bazkarian: Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Altzo Txiki, Jokin Matxinandiarena eta Millan Telleria. “Goierritar kuadrila honek salbuespeneko saioak salbu, plazako jarduna utzia du eta beraz, itzelezko aukera da bertsotan entzuteko irailaren 15eko zita”, iragarri dute Bota Punttubako kideek. Hitzordurako sarrerak 18 eurotan salgai egongo dira Txiribogan eta Txirristran, irailaren 13ra arte.
Ondoko irudian, iazko garailea; Ane Labaka bertsolaria.