1996ko ekainak 28, egun horretan argitaratu zen lehen NOAUA! aldizkaria. O. zenbakia lehenago, urte hartako Sagardo Egunean kaleratu zen arren, Santixabel bezperatakoa dugu estreinako hamaboskaria. Herriko festak, auzoetako lehen kronikak, aldizkaria hizpide zuen herri inkesta edota lehen iragarkiak jaso zituen. Ale hau eta ordutik gaur arte kaleratu direnak, web orrialde honetako "Hemeroteka" atalean kontsulta daitezke.
Hemerotekara jo hain zuzen, eta honakoa aurkitu dugu. Bertan, NOAUA! sortu zenean, Kultur Elkarteko orduko lehendakari Andoni Sagarnak modu honetan eman zion ongi etorria, sortu berria zen bilgune eta aldizkariari:
Noaua! Eamango aue!
Munduan edozein lekutan zabiltzala horrelakorik entzuten baduzu, badakizu inguruan usurbildarren bat baduzula. Horrexegatik jarri diogu aldizkari honi NOAUA! izena. Usurbildarron agur hau izan dadila hamabostean behin, luzaro, gure etxeetara aldizkariarekin batera datorren eupada. Izan ere esaera horrek duen erronka punttuak ere iragartzen baitigu aldizkaria zintzo eta hutsik egin gabe, mamiz beteta eta atsegin, hambostean behin, kaleratzeak dakarkigun desafioa.
Ez gainera argitaratzeko, harpidedunak eta iragarkiak jarriko dituztenak bilatzeko, erakundeetatik sosak ekartzeko eta abarretako eginkizun eskergak bizkar gainean hartu dituen gazte talde suharrarentzat bakarrik, baita Usurbilgo elkarte, irakurle, harpidedun, lankide eta herritar guztientzat ere. Badakigu ez dela hori dena ahuntzaren gauerdiko eztula, baina badakigu halaber Usurbilen badela gatza eta piperra horretarako eta gehiagotarako ere. Inolako zalantzarik gabe lortuko dugu.
Eutsi goiari!