"Hiru egitasmo garrantzitsu estreinatuko ditu NOAUA! Kultur Elkarteak irailean", halaxe iragartzen zuen duela hamar urteko, 2002ko uztailaren 19ko Noaua! aldizkariak. Udako oporraldi aurreko azken hamaboskaria zen hura, eta artikuluetako batean, bi hilabete beranduago martxan jarriko ziren berrikuntzen inguruko zehaztasunak jasotzen ziren. Iragarpena modu honetan egin zuten: "Oporretatik bueltan Noaua! Kultur Elkarteak hiru egitasmo berri jarriko ditu martxan: www.noaua.eus webgunea, aldizkariaren edizio elektronikoa eta Noaua! hamaboskariaren diseinu berria".
Artikulu hark, Noaua! herrian sustraituriko aldizkaria zela gogorarazten zuen. "Denbora ordea, aurrera doa eta aldizkaria ere garai berrietara egokitu behar da. Horregatik, Internet eta Noaua! hamaboskariaren diseinu berria dira epe laburrera zehaztu ditugun lehentasunak", gaineratzen zen.
Aldizkariaren ildo nagusiek bere horretan jarraituko zutela adierazten zen, "baina, orain, jantzi berri batekin apaindu behar dugu hamaboskaria. Estetikoki eguneratze premia duelako Noaua! aldizkariak. Lan honetaz, Olatz Goenaga herritarra arduratu da. Baina, diseinua aldatzearekin batera, aldizkaria bera ere gaurkotu dugu; zehazki, sail edo atalak berritu ditugu". Horien artean, tarte bat nabarmentzen zen, "Noaua! Txiki. Usurbilgo haurren txokoa dugu atal hau: informazioaz baino aisiaz gehiago duen atala".
Web orrialde interaktibo eta aktuala
2002ko irailean sareratzear zuten web orri berriari buruz, honakoa jasotzen zuten; "Teknologia berriek baliabide eta aukera ugari eskaintzen dute, goitik beherako informazioaz haratago, komunikazio forma horizontalagoak sortzeko; Eta hor, herritarra informazioaren hartzaile izateaz gain, informazio igorle eta iritzi sortzaile ere izan daiteke, orain arte eta ohiko komunikabideetan baino modu errazagoan". Herritarren komunikaziorako gune dinamiko, interaktibo eta aktuala izateko jaio zen noaua.com. Aldizkaria bera, web orri bidez kontsultatzeko jauzia eman zuen 2002an.
Ordutik hamarkada bat igaro da. Eta 10 urte bete diren honetan, berritua duzue web orria, baita aldizkaria ere.