Hala iragarri du Zubietako Herri Batzarrak uda honetan. Atez ateko bilketa sistema, "martxan jarriko du azaroaren 1etik aurrera". Zubietako familien gehiengoaren babesa dute gainera. Uda aurretik egin zuten galdeketa batean jaso zutenez, "bertako familien artean hondakinak atez ate biltzeko eskaerak jaso berri ditugu. Agerturiko datuak aztertuta, Zubietako familien %67,5ek gaikako bilketa erabatekoa izan dadin babestu du, bereziki atez ateko bilketa bezala ezagutzen den sistema".
Emaitzak eskutan, zubietarrak hondakinak atez ate biltzera deitzen dituzte. Sistema berria jartzeko pausoak emanak dituztela ere berri eman dute Herri Batzarretik. "Hondakinak atez ate biltzeko eta kudeatzeko proiektua landuta daukagu, eta bi udalerrietan aurkeztuta ere. Proiektu honen barruan, ontzi arinak, papera eta kartoia eta errefusa atez ate bilduko dira, eta organikoa autokonpostaje eta konpostaje komunitarioaren bitartez Zubietako ongarri izango da", adierazi dute.
Erabakia hartua dute Zubietako Herri Batzarrean, eta iragarri dutenez, "proposamen hau aintzat hartuko ez balitz, Herri Batzarrak, Zubietako herritarren ordezkari legal eta demokratikoa denez, aipatu bilketa sistema martxan jarriko du azaroaren 1etik aurrera".