Errausketaren aurkako giza-katea etzi, Kontxan

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 7a, 00:00

Kontxako Bandera jokatzen den bigarren jardunaldi egunerako, igande honetarako beraz, errausketaren aurkako giza-katea deitu du Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. "Atez ate, herriz herri, errausketarik ez!" lemapean, Alderdi Ederren Kontxako hondartzara jaisteko arranpa inguruan finkatu dute biltzeko hitzordua, goizeko 11:30etan. Gero, urtero moduan, Kontxako hondartzara jaitsi eta bertan burutuko da giza-katea.

Zero zabor estrategia, Europako Batzordetik babestua
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat Europako Batzordeko ingurumen saileko kideekin bildu zen aste hasieran. Hitzorduaren helburua, Gipuzkoa zero zabor norabidean jarri asmo duen estrategia aurkeztea zen. Bileratik bueltan, Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek adierazi duenez, harrera beroa egin eta Aldundikoen azalpenak interes bereziz jarraitu zituzten Janez Potocknik Europako Batzordeko Ingurumen komisarioarekin eta hondakinen alorreko arduradun nagusi Willian Neale eta Michel Sponarrek. “Luze jardun dugu geure garapen estrategiaren berri azaltzen. Azaldu diegu gobernua hartu genuenean zer nolako egoera zegoen eta hura zuzentzeko zer neurri hartu dugun; murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen norabidean zer nolako estrategia osatu dugun eta horretarako zer urrats egin ditugun eta aurrerantzean zeintzuk egingo ditugun. Oso bilera emankorra izan da: Foru Aldundiaren garapen estrategiaren helburuek eta Europako Batzordearenek bat egiten dute”, adierazi du Errazkinek, gipuzkoaberri.net web orriak jasotzen duenez. 

Europako Batzordeko Ingurumen komisarioak zuen iritzia ezagutzeko gogoa zuen Aldundiak. “Potocnik komisarioak esan digu Gipuzkoako hondakinen kudeaketa gertutik jarraitzen ari direla, eta esan behar dut egia dela, gure planaren ezagutza zabala zuelako lehendik ere. Gipuzkoako esperientziaz jakin-mina dute; herrialdeko hainbat herritan lortutako birziklatze maila altuaz jakin nahi dute. Potocnikek defenditu du hondakinen kudeaketa emankor batek baliabideen kudeaketa emankorra ekartzen duela eta Europak lehengaietan duen gabeziari aurre egiten ez badio, arazo larria izango duela; hori saihesteko neurrietako bat hondakinak baliabide gisa erabiltzeko esperientziak bultzatzea dela dio komisarioak. Horixe egiten ari gara gu Gipuzkoan. Kointzidentzia horrek berresten gaitu guk hartutako bidean, Gipuzkoak prebentzio, berrerabilpen, birziklapen eta hondakinen balorizazio materialaren aldeko apustu egin duelako”, gaineratu du Ingurumen diputatuak.

Bi erakundeek hartu emanetan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.