Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea, aurrerantzean hilero lehen ostiraletan

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 10a, 00:00

Itaya Gazte Asanbladak deituta, ostiral arratsaldean kutsaduraren aurkako elkarretaratzea burutu zen Atxegalden. Zenbait auzotar eta herritar bildu zituen, N-634 errepide bazterrean finkatua zegoen hitzorduak. "Usurbil osasuntsuago bat lortzeko" deitua zuten elkarretaratzea. Web orrialde honetara helarazi mezuan adierazten zutenez, "Ucin lantegiak kutsatzen jarraitzen duela salatuko dugu eta behar diren neurriak har ditzala eskatuko diogu enpresari arazo honi amaiera eman diezaion". Elkarretaratzerako baliatu zuten pankartak: "Ucin-ek gure osasunarekin jolasten du".

Antolatzaileek mobilizazio amaieran iragarri zutenez, aurrerantzean, eta egoera konpondu artean, hilero lehen ostiraletan elkarretaratzeak deitzen jarraitzeko asmoa dute, leku eta ordu berean; Atxegalden, errepide bazterrean, 20:00etatik aurrera. Honenbestez, aldaketarik ez bada behintzat, datorren elkarretaratzea, urriaren 5ean burutuko da.

Joan den ostiraleko mobilizazio amaieran, ekimenaren nondik norakoak argitzen dituen komunikatua irakurri zuten Itaya Gazte Asanbladako kideek. Hona hemen testua, bere osotasunean:

KOMUNIKATUA
Duela urte batzuetik hona, usurbildarrak, eta bereziki, Atxegaldeko bizilagunak, oso kezkatuak gaude  herrian zehar, UCINek zabaltzen dituen usaien eta keengatik. Urte guzti hauetan Ucinen isurketek osasun arazo amaigabeak sorrarazi izan dizkigu usurbildarroi eta gehienbat atxegaldetarrei, tartean, eztarri eta begietako narritadurak. Ez dira kasualitatea auzoan agertu diren minbizia arazoak ere. Honen aurrean enpresak beti ukatu izan du bera dela arazo guzti honen eragile eta azaldutako kexei entzungor egin die.

2004tik honaino urtero egon da auzotarren ahoan gai hau eta konponbiderik ez zaio eman inondik ere arazoari. Gure ustetan gainera arazoa konpontzeko egin izan diren txostenaren emaitzak ez dira sinesgarriak. Pentsatzen baitugu, txosten horren baitan egin ziren neurketak, enpresa jakinaren gainean zegoela egin zirela. Emaitza hauek gure ustez ez dira eguneroko isurketen islada, aldez aurretik jakinda legezko mugetara jaitsitako kutsadura baizik.

Egoera honetan, Itaya asanbladatik elkartasuna adierazi nahi diegu herritar kaltetu guztiei, eta arazoa lehenbailehen konpondua izan dadin neurriak hartzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari, arazo honen aurrean eskumenak dituen instituzioa bera baita. Udalari ere, afera honen inguruan lanean jarraitzera bultzatzen diogu. 

Azkenik aipatu kontzentrazioa hilero egingo dugula lehen asteko ostiraletan arazo honi irtenbidea eman arte.

Gora Usurbil osasuntsua. Belar txarrak errotik!                        Itaya gazte asanblada