Bosgarren ediziora heldu da Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak antolaturiko Baxurde Krosa. Igande honetan, irailaren 16an ospatuko da kirol proba herrikoia. Aldez aurretikako izen emateak zabalik jarraitzen du, aurtengoan berrikuntzekin; apuntatzeko kirolprobak.com web orrian klikatu beharko baita. Adi izen emateko sistemari; txip horia dutenek, 10 euro ordaindu beharko dituzte. Txip zuria eskuratu behar dutenek, 12 euro. Eta lasterketa egunean (9:00-10:30 artean izena emanda), 15 euroren truke parte hartu ahal izango da Baxurde Krosean. Baxurde Txikitik apuntatzea proba egunerako ez uztea eskatzen dute. “Ahal duen guztiari aurrez apuntatzeko deia egiten diogu, egunean bertan guri lan asko aurrezten digulako”, adierazi dute. Oiardo Kiroldegian ere eman liteke izena, ostegun honetara arte, hilaren 13ra arte.
Beste aldaketa bat. Aurtengoan, probaren irteera eta helmuga gunea aldatu dute antolatzaileek. Mikel Laboa plazan burutzen ari diren lanak tarteko, Oiardo Kiroldegian hasi eta bukatuko da V. Baxurde Krosa. Proba hasteko ordua, hori bai, betikoa; goizeko 11:00etan. Ibilbidea ere aurreko urteetako bera; 10,75 kilometroko luzeera izango du eta Kaxkoa, Santuenea, Zubieta edota Kalezar zeharkatuko ditu. Proba antolatzen lagundu duten guztiei esker ona helarazi nahi diete Baxurde Txikitik.
Blog berria
Beste hainbat herri eragileek bezala, Baxurde Txiki tadekoek blog bat ere badute. Bertan, taldea nortzuk osatzen duten, albisteak, argazkiak edota probetako emaitzak jaso asmo dituzte. Honatx helbidea: http://baxurde-txiki.blogspot.com.es/
Irudia: Baxurde Txikiko bloga.