Klaseak egun gutxi barru hasiko dituzten arren, hilabete amaierara arte irekia dago Usurbilgo EPA-n matrikulatzeko epea. 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko hezkuntza eskaintza dugu EPA. Egoitza, Agerialden kokatua dago. Zuzendaritza taldetik, herritarrak gerturatzera deitzen dituzte. "Anima zaitezte. Oso pozik egongo ginateke urtero proposatzen ditugun ikasketa ofizialei Usurbilgo herriak etekinak aterako balizkie”, adierazi dute. Hona hemen, bertatik ikasturte honetarako egiten duten eskaintza. "Gure EPA zentrotik Usurbilgo herriari DBH-ko titulu ofiziala lortzeko aukera eman nahi diogu (urte batean edo bitan lor daiteke). Titulu hau guztiz derrigorrezkoa da, bai lan bat lortzeko bai ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, ikastaro hauek bere garaian ikasketak alde batera utzi edo 8. EGB-ko graduatua lortu zutenentzako daude zuzenduak”, adierazi digute EPA-tik.
Honez gain, hizkuntzak, informatika… Alor gehiagotan trebatzeko aukera eskaintzen dute. “Hauekin batera aukerako ikasgaiak ere eskaintzen ditugu: ingelesa, euskera, informatika… Baita alfabetatze klaseak (gaztelania eta euskera) atzerritar eta euskaldunentzat. Iaz ingelesez mintza praktika ikastaro bat martxan jarri nahi izan genuen. Ezin izan genuen talde bat osatu eta bertan behera geratu zen. Berriro osatzen saiatuko gara, baina horretarako jendea behar dugu”, gaineratu dute. Honez gain, Unibertsitate eta Goi Zikloetarako sarbideak presta daitezke bertan, ekintza osagarrietan parte hartu…
Informazio gehiago: 943 376 443, 943 366 608. Ondoko irudian, EPA-rako sarbidea, Agerialde atzealdetik.