PNV-PSE akordioa, Bildu San Markoko lehendakaritzatik kanpo uzteko

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 11a, 00:00

EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek akordioa adostu dute, Bildu San Marko Mankomunitateko lehendakaritzatik kanpo uzteko. Donostiako eta Lasarte-Oriako udaletako ordezkaritza aldatu dute gehiengoa izateko, eta orain, akordio honen baitan, hedabideak berri ematen ari direnez, Denis Itxaso (PSE-EE) izango da San Markoko lehendakari berria. Ainhoa Intxaurrandieta (Bildu) ordezkatuko du. Edozein kasutan, Bilduk gehiengoa izaten jarraituko du. 

Laster beraz, duela bi urteko antzeko irudia errepikatu liteke. 2010eko urriaren 5ean San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan ateratako argazkia da ondokoa. 2007-2011 legegintzaldia amaitzeko hilabete gutxi falta zirela, orduko aipatu erakundeko lehendakari Imanol Azpirotz kargutik kendu zuten eta Juan Carlos Merino (PSE-EE) 2011ko udal hauteskundeak bitarte, erakundeko lehendakari izan zen. Hain zuzen, Merino mahai buruan dago ondoko argazkian. Atzean, errausketaren aurkako mugimenduko ordezkariak ditu, lehendakaritza berria osatzeko bozketa burutu zen bilera egunean.