Ostegun honetara arte egongo dira salgai, larunbatean ospatuko den Udarregi Sariketako bigarren edizioko lehen finalerdirako txartelak. 18 eurotan, Txiribogan eta Txirristran. Gogoan izan, lehen finalerdi honetan, sei beterano lehiatuko dira, hilaren 15ean, 14:00etatik aurrera Agerialden ospatuko den bertso bazkarian: Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Altzo Txiki, Jokin Matxinandiarena eta Millan Telleria.
Bigarren finalerdia Aginagako San Praixkuetan ospatuko da, urriaren 12an. Kasu honetan, sei bertsolari gazte lehiatuko dira. Saio bakoitzetik hiruna bertsolari sailkatuko dira, azaroaren 17an ospatuko den final handirako.