Euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 12a, 00:00

Hilabete hasieratik zabalik dago Buruntzaldeko euskaltegietan izen emateko epea. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udal eta euskaltegietako ordezkariek gaur aurkeztu dute ordea, 2012-2013 ikasturterako matrikulazio kanpaina, eguerdian Potxoenean burutu den ekitaldian. Herritarrek etxetik gertu, nork bere udalerritik mugitu beharrik gabe, euskara ikasteko eskaintza zabala eskura dutela gogorarazi dute guztiek. Ez dakitenei, euskara ikasteko gonbita luzatu diete. Gogorarazi dietenez, horretarako dute euskaltegietako laguntza, baita sei udalerriotako udalen laguntza ere. Ez baita ahaztu behar, euskara ikastea udalek diruz laguntzen dutela. Usurbilgo kasuan, oro har %80an, %100ean langabetuen eta 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoen kasuan.

Informazio zabala, buruntzaldea.org web orrian
Matrikulazio kanpaina honi buruzko informazio zabala, tokian tokiko Udaletako Euskara Zerbitzuetan jaso daiteke. Usurbilen kasuan, Potxoenean. Edota buruntzaldea.org atarian. Aipatu web orrialdeak, euskara ikasteko ikastaroen bilatzailea du herrika, nork bere maila ezagutzeko frogak egiteko aukera eskaintzen du, baita diru-laguntzen inguruko zehaztasunak ere.

Prentsaurrekoan Usurbilgo Udaleko euskara zinegotzi Alaitz Aizpuruak, Urnietako Udaleko euskara zinegotzi David Roscok, Lasarte-Oria eta Usurbilgo AEK euskaltegiko zuzendari Olatz Urdanpilletak eta Hernaniko udal euskaltegiko zuzendari Gurutze Salaberriak parte hartu dute. Haiekin batera, baita euskara ikasten dabilen herritar batek ere; Etumeta AEK euskaltegiko ikasle Karmen Llobetek. Hamar urte daramatza Usurbilen bizitzen. Aipatu duenez, “konturatu nintzen, Usurbilen integratua egoteko, euskara behar zela, koadrilakoak ere euskaldunak nituen”. Hala, etorri eta euskaltegian euskara ikasten hasi zen. Gaur arte burutu duen ikasketa prozesua oso polita izan dela gogoraraztearekin batera, Llobetek EGA prestatzen ari dela berri eman du gaurko ekitaldian.