"Batzuk enpresa handien interesen morroi dira"

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 12a, 00:00

"Arduraz aritu gara, serio lanean, hondakinak ongi kudeatzeak onurak besterik ez dituelako ekartzen herritarrentzat". Agur kutsua izan du Ainhoa Intxaurrandieta Sanmarkoko lehendakariak gaurkoan eskaini duen prentsaurrekoak. Bertan izan da Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea. "Herritarren interesak zaintzen aritu gara. Ez dugu enpresa handien interesen mesederako lanik egin nahi izan. Argi dugu zein den bidea: murrizketa eta prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea, zabotegirik eta errauste plantarik beharrezko egingo ez duen hondakinen kudeaketa zentzuzkoa. Hau da, gure helburua Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea bihurtzea da. Eta posible da, gure ondorengoen osasuna eta bizi kalitatea zaindu nahi ditugulako, behar beharrezkoa delako".

Urtebete egin du egungo zuzendaritzak Sanmarkoko mankomunitatea gobernatzen. Denbora honetan hiru Garbigune zabaldu dituzte: Oiartzunen, Hernanin eta Usurbilen. Donostiako bigarren Garbiguneko lanak bideratu dituzte eta "Urnietako Udalari organikoaren edukiontzia jartzea –5. edukiontzia alegia– ahalbidetu diogu, hala eskatu zuelako bere garaian", esan du Ainhoa Intxaurrandietak.

Horretaz gain, "Sanmarko mankomunitatean lanean dabiltzan enpresen hondakinen azterketa egin dugu, jakiteko zenbat eta zer birziklatzen den. Azterketa horrek esan digu zein den bidea eta orain arte bezalatsu atez ate biltzen jaraituko dugu ia 2.600 enpresa horietan. 4 zatitan beharrean, 14 zatitan bilduko ditugu hondakinak, gaika egingo dugu. Baliogarria den guztia zabortegietara ez botatzeko". Urriaren 1ean sartuko da indarrean araudi hori.

"Esan dugu hasieran, herritarren interesen alde egin dugula eta ez enpresa handien alde", aiderazi du prentsaurrekoan Sanmarkoko egungo lehendakariak. "Agian hori da arrazoia. Batzuk enpresa handien interesen morroi direla, proiekturik ez duten arren, interes ezkutuen morroi direla. Eta ez egin, eta egiten ere ez dute egiten utzi nahi, beldur diote irtenbideak topatzen dituen kudeaketari", esan du Intxaurrandietak.

Alderdiekin oso kritiko azaldu da Ainhoa Intxaurrandieta: "EAJkoek, PSE eta PPren laguntzaz, Bilduk egindako lan txukuna zapuztu nahi dute. Etxe atarian inork nahi ez duen eta egingo ez den errauste planta defenditzen dute".

"Lanean jarraituko dugu"
Ikusteko dago noiz egingo den Sanmarkoko ez-ohiko batzarra. Baina bien bitartean, gaur egun kudeaketa lanetan direnak lanean jarraituko dutela adierazi dute: "gobernu ardurak ditugun bitartean, lan eta lan jarraituko dugu, lan asko baitago egiteko".