Zortzi egun baino ez dira geratzen Santueneko festak hasteko. Aurten, ohi baino astebete beranduago datoz, irailaren 21etik 23 ospatuko dira eta. Antolatzaile taldea berritu eta gaztetuta dator oraingoan, eta egitarauan ere nabari da, Jai Batzordeko kideek zenbait hitzordu berri txertatu baitituzte. Egitarau osoa, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daiteke.
Hutsik egingo ez duten ekitaldien artean daude halere, aurreko edizioetan harrera ezinhobea izan duten deialdiak. Tartean, larunbat gaueko herri-afaria. Oraingoan, Josune Aranburu gabe, baina opariak irabazteko aukera eskainiko duen tonbola batekin. Biharamunean, hilaren 23rako, bertso bazkari bat ere iragarri dute antolatzaileek. Bi otorduotarako txartelak salgai daude Santuenean; Tragoxka tabernan, Ibai Ondo elkartean, baita jubilatuen tabernan ere. Aldez aurretik erosi beharko dira, datorren asteko osteguna baino lehen.