Bi aste geratzen dira Hego Euskal Herrian deitua dagoen greba orokorrerako, eta jada, sindikatu eta gizarte mugimenduak aipatu hitzordua girotzeko mobilizazioak deitzen hasiak dira. Gogoan izan, ostiral honetan, irailaren 14an, Usurbilgo LAB sindikatuak batzar irekia deitu duela 19:00etan frontoian. Herritar eta eragileei zuzendua egongo den hitzorduan, "modu ireki eta parte hartzaile batean izango dugu aukera langabetuak, emakumeak, tabernariak, gazteak, dendariak, jubilatuak, … eztabaidatu, alternatibetaz hitz egin eta irailaren 26ko greba orokorraren inguruan aritzeko. Animatu bertan parte hartzera! Euskal Herriak hitza eta erabakia!".
Manifestazioa irailaren 22an
Bestalde, eta greba orokorrerako egun gutxi faltako direnean, hilaren 22rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta gizarte eragileek manifestazio bana deitu dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean hilaren 14an. Gipuzkoako hiriburukoa arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bulebarretik.
Aipatu mobilizazioa deitu dutenen zerrenda luzea da oso. Batetik, sindikatuak daude: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU, CGT-LKN eta CNT. Bestetik, gizarte eragileak, besteak beste: AHT Gelditu! elkarlana, Anitzak, Argilan, Askapena, Bilgune Feminista, Deshazkundea, Eguzki, Ekologistak Martxan, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Ezkerretik Bilduz, Gazte Abertzaleak, Gazteak Alternatiba, Gipuzkoako pentsionisten duintasun elkartea, Ikasle Abertzaleak, Harresiak Apurtuz, Iratzarri, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Salhaketa, Sare Antifaxista, SOS Arrazakeria, Stop Desahucios...
Aipatzekoak dira langabetuen edota pentsionistak biltzeko han hemenka dauden edo sortzen joan diren hainbat bilgune edo elkarteek ere bat egin dutela mobilizazio hauekin.