Ostegun honetan LABek Hernanin duen egoitzan Buruntzaldea mailako agerraldia egin du, grebaren arrazoiak azalduz. Irailaren 26an Greba Orokorraren aldeko apustu garbia egin du LAB sindikatuak, "Euskal Herriak hitza eta erabakia" adierazpenean argi utzi duenez.
Eskualde mailako agerraldian bozeramaileak Euken Villasante eta Yoana Mendez izan dira. Haiekin zen baita, besteak beste, Josu Portu sindikatu berezko ordezkaria eta udal zinegotzia ere. Villasanteren arabera, "greba egiteko arrazoiak badaude eta jendeari dei egiten diogu antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko. Irailaren 26an, Greba Orokorraren egunean, arratsaldeko 18:00tan hasita manifestazioak burutuko ditugu Andoainen, Lasarten eta Hernanin Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar duela aldarrikatzeko".
"Politika publikoetan errotiko aldaketa"
Mendezek adierazpena irakurri du, zeinean herritarrak miseriara bideratu nahi dituztela salatu duen: "Sistema finantzieroaren erreskatea geuk ordaintzea nahi dute. Murrizketak 102.000 milioi eurokoak izango dira, Bankari emango dizkioten 100.000 milioi euroetatik oso gertu. Hau da, 102.000 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, enplegu-politikak egiteko, eredu ekonomikoan inbertitzeko, prestazioak bermatzeko,... Diru publikoa, gure zergetako 102.000 milioi euro bankuei oparituta. Eta herritarrentzat murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga-igoerak, soldata-jaitsierak,... hau da, miseria".
Langabetuen eskubideei erasoa salatu zuten agerraldian, "langabetuak baliabide publikoen iruzurgiletzat jotzen dira eta ez eskubidedun subjektutzat". Baina ez hori bakarrik, horra beste hainbat salaketa: "Fogasako bermeen murrizketa, administrazio publikoko langileen eskubideei erasoa, fiskalitate erregresiboa, menpekotasuna duten pertsonen eskubideen murrizketa, ordutegien liberalizazioa eta pribatizazioak,...". Inposatzen ari diren neurri horien aurrean LAB sindikatuaren aldarrikapenak hauexek dira:
-Bankari diru gehiagorik ez.
-Euskal instituzioek murrizketak ez aplikatzea.
-Politika publikoetan errotiko aldaketa.
-Behingoz euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea.
Egoera aldatzeko alternatibak egon badaudela dio LAB sindikatuak. Besteak beste, Espainiako Gobernuak aplikatu nahi dituen erabakiei jaramonik ez egitea, Euskal Herriko instituzioetan aurrekontuetan ezarritako murrizketak bertan behera uztea edota krisitik ateratzea ahalbidetuko duen plan instituzional integrala mahaigaineratzea.
Hitza eta erabakia aldarrikatu ditu Mendezek agerraldiaren amaieran, "Irailaren 26an Euskal Herriko kaleak bete behar ditugu gure esparruan aplikatzen ari diren politiken norabidea behingoz aldatzeko eta gure herria izan dadin hitza eta erabakia hartuko dituena".