Azken hamarkadetako gizarte-murrizketarik handienak gizarte osoa pobreziarantz bultzatuko duela ohartaraziz, herritarrak irailaren 26ko greba orokorrarekin bat egitera deitu ditu Buruntzaldeko ELA sindikatuak, Hernanin duen egoitzan gaur goizean bailarako ordezkariek burutu duten agerraldian. "Bultzatu egin zaitugu artez parte hartzera sindikatuek eta gizarte-mugimenduek gure Herriko bazter guztietan antolatuko dituzten mobilizazioetan, eta batez ere irailaren 26ko ekintzarik handienean, Hego Euskal Herriko greba orokorrean", luzatzen dute gonbita ELA sindikatutik. Norbere sumindura eta haserrea agertzera deitzen dute, murrizketen aurka, lan eta gizarte eskubideen alde, "politikak zeharo aldatzearen alde". "ELAk bestelako aukerak eskaintzen ditu: hasteko, murrizketa horiek Euskal Herrian ez aplikatzea, eta politika fiskalak eta sozialak zeharo aldatzea", berri eman dute.
Hasiera besterik ez da
BEZ-aren igoera, langabezia-prestazioen murrizketa, menpeko pertsonei arreta emateko sisteman eskubide-murrizketa, sektore publikoan aparteko ordainsari bat kentzea, denda ordutegien liberalizazioa edota enpresen kotizazioak jaistea, hasiera besterik ez dela iragartzen dute aipatu sindikatutik. "Gobernuak onartu duen 2013-2014 Aurrekontu Planean pentsioetan murrizketa berriak iragartzen dira", ohartarazi dute. Euren esanetan,"jo-puntuan daude langileak, haien soldatak jaisteko; langabeak, prestazioak gutxitzeko; herri-langileak, aparteko sariak kentzeko; gaurko eta biharko erretirodunak, pentsioak txikiagotzeko; gazte jendea, prekarietatera kondenatzeko; eta menpeko pertsonak, senide zaintzaileak zigortzeko".
Orokortzat jotzen duten eraso horretatik kanpo geratzen denik badela ere gaineratzen dute, "ekarpenik handiena egin beharko zutenak, hain zuzen, haiek baitira krisia eragin zutenak; bankariak, espekulatzaileak eta goi-mailako intere ekonomiko eta finantzarioak ordezkatzen dutenak". "Denon artean geldiaraziko ditugu!", mezuarekin herritarrak datozen mobilizazioekin bat egitera deitzen dute.