Espainiar gobernuak onarturiko erreformen aurka, Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du irailaren 26rako. 24 orduko lan uzte egunaren atarian, beste hainbat mobilizazio ere deitzekoak dira. Tartean bada Usurbilen antolatu den ekimen berririk ere. Erakunde zein herritarrei zuzenduriko batzar ireki bat antolatu du Usurbilgo LAB sindikatuak, ostiral honetarako, irailaren 14rako, 19:00etan frontoian. "Bertan modu ireki eta parte hartzaile batean izango dugu aukera langabetuak, emakumeak, tabernariak, gazteak, dendariak, jubilatuak, … eztabaidatu, alternatibetaz hitz egin eta irailaren 26ko greba orokorraren inguruan aritzeko", adierazi dute sindikatutik, NOAUA!ra helarazi duten oharrean. Bertaratzeko gonbita luzatu dute.
Hona hemen, Usurbilgo LAB sindikatutik jaso dugun testua bere osotasunean:
Irailak 26. Euskal Herriak hitza eta erabakia.
Sistema finantzieroaren “erreskatea” geuk ordaintzea nahi dute. Murrizketak 102.000 milioi eurotakoak izango dira, bankari emango dizkieten 100.000 milioi eurotatik oso gertu (honi gehitu behar zaizkio honezkero eman zaizkion 146.000 milioi euroak). Hau da, 102.000 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, enplegu politikak egiteko, eredu ekonomikoan inbertitzeko, prestazioak bermatzeko…
Aldiz herritarrentzat, murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga igoerak, EREak, soldata jaitsierak … Usurbilen ere geroz eta gehiago dira langabezian geratzen ari direnak edo murrizketak jasan behar dituztenak.
Hau gutxi balitz lehen erreskate honen ondoren, estatuaren interbentzioa eta inposatuko dituzten neurri gogorragoak negoziatzen ari dira. Orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaude.
Aski da! Irailaren 26an grebarekin bat egin eta Euskal Herriko kaleak bete behar ditugu. Horretarako, irailaren 14an, Ostirala, Herriko frontoian herritar eta herriko erakunde guztientzat irekia izango den batzar bat gauzatuko da arratsaldeko 19etan. Bertan modu ireki eta parte hartzaile batean izango dugu aukera langabetuak, emakumeak, tabernariak, gazteak, dendariak, jubilatuak, … eztabaidatu, alternatibetaz hitz egin eta irailaren 26ko greba orokorraren inguruan aritzeko.
Animatu bertan parte hartzera! Euskal Herriak hitza eta erabakia!
Usurbilgo LAB