Goierriko beteranoak lehian, biharko Udarregi Sariketako lehen saioan

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 14a, 00:00

Bihar ospatuko da Udarregi Sariketako bigarren edizioko lehen finalerdia. Iaz bezala, beteranoak lehiatuko dira lehenbizi, gazteak gero. Goierriko bertsolari seikote beteranoa gonbidatu dute Bota Punttubako kideek, biharko hitzordura; Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Altzo Txiki, Jokin Matxinandiarena eta Millan Telleria. 

Saioa 14:00etan hasiko da Agerialden ospatuko den bertso-bazkariaren baitan. Biharko lehiatik, final handirako hiru bertsolari sailkatuko dira. Horietatik bat, entzuleek aukeratu beharko dute. Beste biak epaimahaiak hautatuko ditu. Larunbateko lehen finalerdi honetarako sarrerak salgai egon dira egunotan, Txiribogan eta Txirristran.

Bigarren finalerdia Aginagako San Praixkuetan ospatuko da, urriaren 12an. Kasu honetan, sei bertsolari gazte lehiatuko dira. 

Sarreren zozketa
Udarregi Sariketa antolatzeaz arduratzen ari diren Bota Punttubako kideek, sarrerak zozketatzeko lehia antolatu dute, mezu bidez web orrialde honetan berri eman dutenez: "Aukera aparta Bota Punttubak antolaturiko Udarregi Sariketan bazkari bikainaz gozatu eta bertso saio ikaragarri batekin postrea dastatzeko, eta gainera doan! Bota punttubaren facebookeko orrian (http://www.facebook.com/bota.punttuba,/a>) jarri dugun puntu erantzuna osatu eta bi gonbidapen irabazteko lehian sartuko zara. aprobetxatu!".