Urriko lehenengo bi asteburuetan ospatuko dira aurtengo Aginagako San Praixkuak. Hilaren 4tik 7ra, eta etenaldi baten ostean, urriaren 12tik 13ra. Jai Batzordeko kideek prestatu duten egitarauari begira bada aldaketarik aurtengoan; estropadak astebete aurreratu dituzte, iraileko azken asteburura. Hilaren 29an, arratsaldeko 15:30etan hasita jokatuko dira trainerila txapelketak Oriako uretan. Oraingoan, jada seigarren ediziora ailegatu den gizonezkoen lehiarekin batera, emakumeen arteko txapelketa ere jokatuko da lehen aldiz. Gainera, bai gizonezkoetan, baina baita emakumezkoetan ere Aginagak ordezkaritza izango du.
Iaz hain zuzen, ondoko argazkiak erakusten duen moduan, etxekoek irabazi zuten bandera. Ia aurten zer gertatzen den. Hauek dira, gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketan parte hartuko duten taldeak:
EMAKUMEZKOEN I. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Getari, Orio, San Juan, Hondarribi, Hibaika, Agiña.
GIZONEZKOEN VI. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Agiña, Hondarribi, San Juan, Getari, Kaiku, Orio.
Kaiku, ligako txapeldun
Bestalde, asteburuan amaitu da arraun denboraldia. Kaikuk irabazi du aurtengo liga. Bertan, ordezkari agiñar bat bada; Iñaki Errasti. Bestalde, aipatzekoa baita, oriotarren poza, mailaz igotzea lortu dutelako. Zumaiak ere aurtengo mailari eutsiko dio 2013an.