Euskal Herriko 60 udalerri baino gehiagotan, euskararen aldeko lasterketa bana ospatuko da larunbat honetan, irailaren 22an. Tartean, Usurbilen. 17:00etan abiatuko da Oiardo Kiroldegitik, eta lau kilometro inguruko ibilbidea osatuta leku berean amaituko da.
"Euskaraz bizi nahi dut" ekimen berri honetarako izena aldez aurretik eman daiteke www.euskarazbizinahidut.org web orrian edota egunotan, goizez, Potxoenean. Gogoan izan: haurren izen ematea 7 eurotan egin ahalko da eta trukean "Euskaraz bizi nahi dut" kamiseta jasoko du. 2 eurorekin apuntatu baino ezingo da egin. Beste hainbeste helduen kasuan ere. 10 euroren truke, lasterketarako izena eman eta kamiseta lortu ahal izango da. 5 euro ordainduta, apuntatu baino ezingo da egin.
Izen ematea ezinbestekoa da, lasterketa amaieran Kiroldegian bertan burutuko diren zozketetan parte hartu ahal izateko. Lasterketa ez da lehiakorra izango, festa eta aldarrikapena batuko dituen ekimen bat dugu larunbat honetakoa. Kontseiluarekin batera, antolaketa lanetan parte hartu dute: Usurbilgo Udalak, Itaya Gazte Asanbladak, Etumeta-AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak, Usurbilgo Kantu Taldeak, Udarregi Ikastolak eta Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak.