Ospatu da jada, bertsolari beteranoek lehiatu behar zuten Udarregi Sariketaren bigarren edizioko lehen finalerdia. Sei ziren hautagaiak, Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Altzo Txiki, Jokin Matxinandiarena eta Millan Telleria, eta hiru bakarrik izan zitezkeen finalistak. Haietatik bi epaimahaiak hautatu behar zituen, eta hirugarren bat, larunbatean Artzabalen ospatu zen bertso bazkarira joandako entzuleek. Giro ederrean ospatu zen hitzordua.
Epaimahaiak, Millan Telleria eta Iñaki Murua hautatu zituen. Entzuleek berriz argi zuten erabakia; saioari umore puntu nabarmena jarri zion Xabier Zeberio hautatu zuten, azaroaren 17an ospatuko den final handirako. Honenbestez, Udarregi Sariketako bigarren edizio honetako hiru bertsolari beterano finalisten izen abizenak ezagutzen ditugu jada. Orain, bi hilabete barruko saioan parte hartuko duten hiru bertsolari gazteak nortzuk izango diren ezagutzea baino ez zaigu falta. Erantzuna, urriaren 12an, Aginagako San Praixkuetan ospatuko den bertso-afarian izango dugu.