"Euskaraz bizi nahi dut" lasterketa, Santueneako jaietan murgilduko da

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 18a, 00:00

Euskararen alde larunbatean ospatuko den herri lasterketak Santueneako jaiekin bat egingo du. Antolakuntzatik aurreratu dutenez, 17:00etan abiatuko da Oiardo Kiroldegitik eta honako 4 kilometro inguruko ibilbide hau osatuko du: Alperro-Buru, San Inazio, Kale Nagusia, Bizkarre, Santuenea (auzo barrutik itzulia), Bizkarre, Erreka-Txiki, Puntapax, Bordatxoko errotonda, Kiroldegia.

Besteak beste, Santuenea jai giroan murgildua izango dela baliatuta, ibilbidea auzo barrutik igaroko da. Bi urtean behin ospatu ohi den Korrikaren antzera, ibilbidearen edozein puntutan sartu eta atera ahal izango da. Auto bat joango da lasterketa buruan, musikarekin eta Leire Iturriotz usurbildarra animatzaile lanetan dela. Korrika joan nahi duenak lasterka egin ahal izango du ibilbidea, baina oinez, bizikleta gainean edota patinetan ere parte hartu daiteke euskararen aldeko ekimen berri honetan. Herritar orori zuzendua dago deialdia. 

Festa giroko ekimena
Lasterketa amaitu ostean, sari potoloak zozketatuko direla iragarri dute antolatzaileek. Ekimenean apuntatu direnek soilik parte hartu ahal izango dute aipatu zozketetan. Aldez aurretik izen emateko, euskarazbizinahidut.org web orrian sartu edo goiz hauetako batean Potxoeneara joan. Egunean bertan ere apuntatu liteke. 

Gogoan izan: haurren izen ematea 7 eurotan egin ahalko da eta trukean "Euskaraz bizi nahi dut" kamiseta jasoko du. 2 eurorekin apuntatu baino ezingo da egin. Beste hainbeste helduen kasuan ere. 10 euroren truke, lasterketarako izena eman eta kamiseta lortu ahal izango da. 5 euro ordainduta, apuntatu baino ezingo da egin.

Usurbilen bezala, Euskal Herriko 60 udalerri baino gehiagotan, euskararen aldeko lasterketa bana ospatuko da larunbat honetan, irailaren 22an. Lasterketa ez da lehiakorra izango, festa eta aldarrikapena batuko dituen ekimen bat dugu larunbat honetakoa. Kontseiluarekin batera, antolaketa lanetan parte hartu dute: Usurbilgo Udalak, Itaya Gazte Asanbladak, Etumeta-AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak, Usurbilgo Kantu Taldeak, Udarregi Ikastolak eta Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak.