"Euskaraz bizi nahi dut" lasterketa, larunbatean 17:00etan

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 21a, 00:00

Lau kilometro inguruko festa giroko lasterketa euskararen alde. Hauxe Kontseiluak deituta, Usurbilen eta Euskal Herriko beste 60 udalerri baino gehiagotan larunbat honetan, irailaren 22an ospatuko diren herri lasterketetan parte hartzeko herritarrei luzatzen zaien gonbita. Hitzordua, bihar arratsaldeko 17:00etarako finkatua dago Oiardo Kiroldegian. Bertatik abiatu eta leku berean amaituko da "Euskaraz bizi nahi dut" izeneko ekimen berria. Ostiral goiz eta eguerdi partean, Potxoenean izena emateko aukera egongo da, baita euskarazbizinahidut.org web orrialdean.

Apuntatu ez dena, lasai egon dadila. Lasterketa hasi aurretik, bihar Kiroldegira gerturatu eta izen emateko aukera izango du. Gogoan izan: haurren izen ematea 7 eurotan egin ahalko da eta trukean "Euskaraz bizi nahi dut" kamiseta jasoko du (ondoko argazkian ikusten dena). 2 eurorekin apuntatu baino ezingo da egin. Beste hainbeste helduen kasuan ere. 10 euroren truke, lasterketarako izena eman eta kamiseta lortu ahal izango da. 5 euro ordainduta, apuntatu baino ezingo da egin.

Jaietan izango den Santueneatik barrena
Udalerriko inguruok zeharkatuko ditu, "Euskaraz bizi nahi dut" lasterketak: Alperro-Buru, San Inazio, Kale Nagusia, Bizkarre, Santuenea (auzo barrutik itzulia), Bizkarre, Erreka-Txiki, Puntapax, Bordatxoko errotonda, Kiroldegia. Ibilbide zirkularra izango da beraz. Aipatu moduan, 4 kilometro ingurukoa, baina bi urtez behin ospatu ohi den Korrikan bezala, kasu honetan ere, partaide bakoitzak ibilbideko edozein puntutan sartu eta irten ahal izango da. 

Auto bat joango da lasterketa buruan, musikarekin eta Leire Iturriotz usurbildarra animatzaile lanetan dela. Korrika joan nahi duenak lasterka egin ahal izango du ibilbidea, baina oinez, bizikleta gainean edota patinetan ere parte hartu daiteke euskararen aldeko ekimen berri honetan. Herritar orori zuzendua dago deialdia. Lasterketa amaieran, izena eman dutenen artean sari potoloak zozketatuko direla iragarri dute antolatzaileek: Kontseiluak, Udalak eta hainbat herri eragileek.