Herritarrak irailaren 26ko greba orokorrean parte hartzera deitu dituzte, Buruntzaldeko ELA eta LAB sindikatuek gaur eguerdian Hernaniko Biteri kultur etxean burutu duten agerraldian. Datorren asteko 24 orduko lan uzteak, jarraipen zabala izango duela adierazi dute: "Aurreikusia dugu greba egunean jende asko aterako dela kalera. Eskualdea eta Euskal Herria nahiko paralizatua egongo dela". Hainbat enpresetan jada batzarrak burutu dituzte, eta bat baino gehiagotan, langileen gehiengoak irailaren 26rako deitua dagoen greba egunarekin bat egin du. Besteak beste, hauexek:
SAPA Andoain
UBIS Hernani
GARBITANIA Usurbil
ASTIGARRAGAko UDALA Astigarraga
MENDI Andoain
MENDIOLA Andoain
AMR Hernani
ITV Urnieta
LA SALLE BERROZPE Andoain
Eta baita CAF, INDAR, JASO ITSASONDO, BELLOTA eta abar
Buruntzaldeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek zehaztu dutenez halere, inguruotako enpresa handietan astelehenean burutuko dituzte greba deialdiari loturiko batzarrak.
Anoetara joateko deia
Greba egunean hainbat mobilizazio deitu dituzte. Lehena, herrialde mailako manifestazioa Donostian. Ohi bezala, herritar zutabe bana abiatuko da Anoeta, Antiguo eta Grosetik. Eskualdeko herritarrak, goizeko 11:30etarako Anoetara agertzera deitzen dituzte. Arratsaldean berriz, eskualde mailako manifestazioak burutuko dira Andoainen, Hernanin, eta Lasarte-Orian, 18:00etatik aurrera. Ordu berean, abiatuko da baita Usurbilgoa ere, frontoitik.
Eskubide laboral eta sozialen alde deitu dute irailaren 26ko greba orokorra. Hauxe, sindikatuek kaleratu duten testua:
"100.000 milioi euro bankuak onbideratzeko. 100.000 milioi euro herritarrei ordainarazi nahi dizkietenak. Madril, EAE, eta Nafarroako gobernuek krisiaren erantzuleak saritzen jarraitzen dute, herritarren gehiengoa zigortzen duten bitartean.
Rajoyren gobernuak inposatu nahi dituen murrizketa eta neurri basatien artean gure eskubide sozial eta laboralen lapurreta berri bat da: prestazioak murrizten dira eta langabeziako laguntzak kendu nahi dituzte, BEZa igotzen dute, sektore publikoa pribatizatu, osasungintzan berrordainketa ezarri, enplegua suntsitu, menpekotasuna duten pertsonak bertan behera utzi... eta guzti hau helburu bakarrarekin: gu geu izatea sartu gaituzten zuloa estaliko dugunak, boteretsuenek dirua pilatzen jarraitzen duten bitartean, dibidenduak banatzen, zerga-ordainketari ihes egiten eta eurek sortu duten zor publikoarekin espekulatzen.
Inoiz ikusi den iruzurrik handienaren aurrean gaude. Bankuei emateko diru publikoa dagoen bitartean krisiak jarraitu egingo du. Merkatuak lasaitzeko aitzakiapean "behar duten banku guztiak salbatzeko beharrezko den diru guztia egongo dela" dioten politikoak dauden artean, ez da krisitik irtetzerik egongo, ez justizia, ez demokraziarik.
Pobreziara kondenatzen gaituzte basatiki, guzti-guztiok, baina batez ere kolektiborik zaurgarri eta prekarizatuenak; gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, desgaitasuna duten pertsonak eta guraso bakarreko familiak. Ez da egia hau dela bide posible bakarra. Hau da aukeratu duten bidea, egiten ari direnaren jakitun eta kontziente izanda: lan eta genero esplotaziozko bidea, prekarietate sozial eta diskriminaziozkoa.
Beharrezko sakrifizioez hitz egiten diguten gobernuak ez dira ari kapitala inolango sakrifiziotara behartzen. Guztiz kontrakoa, ekonomiatik kontrol politiko eta sozial oro ari dira ezabatzen, kapital hori izan dadin momentu guztietan bere mesedetan zer egin erabakiko duena.
Egun Gasteiz zein Iruñean gobernatzen ari direnak beharrezko laguntzaile dira iruzur erraldoi honetarako. Kapital finantzieroaren esku utzi dituzte gure herriko politika eta trukean, behin eta berriro, Madrildik exijitzen dituzten murrizketa guztiak inposatzen dituzte. Baina badira baita bertoko murrizketak, diru sarrerak bermatzeko errenta EAEn eta oinarrizko errenta Nafarroan.
Bada ordua Euskal Herrian beste eredu baten aldeko egiteko. Gizarte parte-hartzean oinarritutako eredua eta ez banka eta multinazionalen agindutara. Aberastasuna eta lan produktibo eta erreproduktiboaren bidezko banaketan oinarrituko dena. Zerbitzu publikoak benetan publikoak, unibertsalak eta doakoak eta baldintza duinetan bizi ahal izatea bermatuko duen babes soziala izango dituen eredua. Azken finean, ekonomia pertsonen zerbitzura eta ez merkatuen zerbitzura jarriko duen eredua.
Bada ordua Euskal Herriko instituzioek planto egiteko. Bada ordua Madriletik inposatu nahi diguten diktadura ekonomikoaren aurrean planto egiteko. Bada ordua hemen, Euskal Herrian, murrizketa eta neurri antisozialak aplikatuko ez direla esateko, horrela eskatu eta argi utzi duelako gehiengo sozialak mobilizazio ugari eta greba orokorren bidez eta horrela oihukatu eta exijituko dugulako irailaren 26an".