Arraun denboraldia bukatu den arren, azken estropadak larunbat honetan Agiñan jokatuko dira. 15:00etatik aurrera, gizonezkoen Vi. Trainerila txapelketarekin batera, aurtengoan lehen aldiz, emakumeen arteko lehia ere jokatuko da Oriako uretan. Egunotan, taldeak entrenamendu saioetan murgilduko dira. Guk dakigula ordea, bada larunbaterako prestatzen hasia den talde bat; Agiña ordezkatuko duena, Emakumeen I. Trainerila txapelketan. Ondoko irudikoak dituzue: Sarai Lizaso, Itsaso Azkonobieta, Leire Begiristain, Enara Beloki, Nagore Aparicio eta Amaia Arregi.
Markel Eizagirre arituko da patroi lanetan Agiñako emakumeen taldean, baita gizonezkoenean ere. Kasu honetan, Agiñako taldea, Andoni Peñak, Erik Aranburuk, Iñaki Errastik, Gorka Puertasek, Asier Puertasek eta Josu Ostolazak osatuko dute.
Seina talde lehiatuko dira emakumezkoen zein gizonezkoen trainerila txapelketan. Agiñako bi taldeekin batera, honako hauek. Ikustekoa izango da:
EMAKUMEZKOEN I. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Getari, Orio, San Juan, Hondarribi, Hibaika, Agiña.
GIZONEZKOEN VI. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Agiña, Hondarribi, San Juan, Getari, Kaiku, Orio.
Udala, laguntzaile
Larunbateko estropadak diruz lagunduko ditu Usurbilgo Udalak. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "ekimen hau sustatze aldera, Agiñako Jai Batzordeak Udaleko Parekidetasun sailetik eta Usurbilgo Kirol patronatutik diru laguntzak jasoko ditu. Bi helburu nagusi betetzen dira ekimen honekin, alde batetik, herrian antolatzen edo sustatzen diren kirol-jarduera guztietan emakumezkoei parte hartzeko aukera bermatzea eta bestetik herriko nahiz auzoko jaietan emakume eta gizonen parte-hartze orekatua lortzea".