Asteburuan amaituko da Txerriki taldeak antolaturiko IV. Topa Eszenika. Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. Girotzen hasteko ordea, bezperan, hilaren 28an, "Ispilua" izeneko antzezlana programatu dute Sutegin, 20:15etatik aurrera. Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldearen obra da "Ispilua", "bikote baten arteko erlazioa. Gaur egungo bizitzan gure gizarteak gugan eta gure bikote bizitzarengan duen eragina. Gizarteak markatzen dizkigun arazoei nola aurre egiten diegun eta nola presionatzen digutenaren gogoetak dira. Non bikoteek arazo horiei aurre egiten dieten edo arazoekin batera bizitzan aurrera jarraitzen duten. Bikoteetan arazoetaz hitz eginez gero askotan erabaki gordinak hartzen ditugulako eta bizipen gogorrak bizi behar izaten ditugulako. Gure nahia jendeak bizitzen duen bizitzan hausnarketa sakona egitea da".
Antzezlana Ion Martinezek eta Saioa Royok idatzi dute. Ekitaldirako sarrerak, 3 eurotan salgai izango dira egunean bertan.
Biharamunean berriz, aipaturikoa. Egun osorako hitzorduak antolatu ditu Txerrikik, IV. Topa Eszenika honi behar bezalak amaiera emateko. Hona hemen, iraileko azken larunbaterako iragarri duten ekitaldi sorta:
9:00 Usurbilgo artea ezagutzen: Zumetaren murala.
Artelanek herri baten historia eta gertakizunak irudikatzen dituzte, eta maiz apartak izaten dira eginbehar horretan. Usurbil bere historia inork baino hobeto kontatzen duten eskulturez beteta dago. Herriaren erdigunea dugu eskultura eta muralen topalekua. Lau artelan bata bestetik gertu, bost metro inguruko tartearekin, aurki daitezke bertan. Herriko frontoiaren atzealdeko horman bertan, 1973an Jose Luis Zumetak egindako hamasei metroko zabalera eta bederatzi metroko altuera duen mila koloreko zeramikazko mural abstraktua dago. Larunbat goizean muralarekin topo egin eta Zumetaren lanera hurbiltzeko aukera berria izango dugu. Horretarako, Uxoa Zumetak hainbat xehetasun, kontu eta bitxikeria azalduko dizkigu. Ekintza irekia eta doakoa izango da.
11:00 Antzerki tailerra Potxoenean: Idazketa I.
Bideratzailea: Galder Perez.
Nori zuzendua: adin guztietara irekia. Ez da eskatzen aurretik antzerkian eta idazketan esperientzia izatea.
Matrikula: 4 euro.
Izen ematea: txerriki@gmail.com
Edukia: Muralaren ekintzan oinarrituko gara idazketan abiatzeko. Hala, tailerreko parte hartzaileek beren testuak sortuko dituzte eta Galderren laguntzarekin lantzen eta garatzen joango dira. Galder Perez aktorea, zuzendaria eta idazlea dugu. Bilbotar autore eta gidoilari honek, testu ugari egin ditu antzerkia, irratia, telebista eta abarrerako. Hala, berarekin antzerkirako idazketan trebatzen hasiko gara.
15:00 Gure klown-a ezagutzen, tailerra Potxoenean.
Bideratzailea: May Gorostiaga (Intujai Teatro). Antzerkilari jostaria, inprobisatzailea eta ausarta dugu. Urte asko dira Klowna lantzen, gozatzen eta bizitzen duela. Ikastaroan parte hartuko dutenek beren "klown" edo pailazoa aurkitu eta ezagutzen hasteko aukera izango dute.
Nori zuzendua: gazte eta helduentzako. Talde mugatua. Ez da eskatzen aurretik antzerkian eta idazketan esperientzia izatea.
Iraupena: 3 ordu.
Matrikula: 8 euro.
Izen-ematea: txerriki@gmail.com
18:00 "Orsai" kale antzerkia frontoian.
Taldea: Malas Compañias Zirko.
Nori zuzendua: publiko guztientzat egokia den ikuskizun ikusgarri eta dibertigarria.
Edukia: lekuz kanpo gaude, testuingurutik at, askatasuna eta zoramenaren arteko muga ikustezina nabigatzen... jokoz kanpo jolasean. ORSAI-ren irudimena eta jolasaren laguntzaz, hiru pertsonaiek bidaia ikusgarri batean murgiltzen gaituzte. Akrobazia eta esku-jolasen bidez egunerokotasunaren objektu zein ekintza sinpleek beste zentzu bat hartuko dute.
19:00 Kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
20:15 "Gure bide galduak" antzezlana Sutegin (Donostia Antzerkia Saria 2012an)
Zuzendaritza: Dejabu panpin laborategia.
Testuak: Oier Guillan.
Musikaria: Arantxa Vicedo.
Antzezleak: Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga.
Sarrera: egunean bertan 10 euro eta aurrez 8 euro. Sarerak Txiribogan.
Edukia: bost aktore eta zuzeneko gitar doinuekin sortutako antzezlana da. Taldean sortua eta eraikia. Errealismo magikoz zipriztindutako ikuskizuna da, Euskal Herriko historia hurbila abiapuntu hartuta: Franco hil ondorengo lehen urteak, mundua benetan alda zitekeela pentsatzen zen garaia, hain zuzen. Utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da. Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina.