Iragartzen joan dira azken asteotan zintzilikatu dituzten pankarten edota web orri honetara helarazi dituzten mezuen bidez. Aldarri bezala hautatu duten "#Guprestzu?" hashtag-a han eta hemen hedatzen joan dira, zetorrena iragartzeko. Datorren hain zuzen, gazte mugimendu berri baten sorrera da. Lau egun barru, ostiral honetan aurkeztuko dute jendaurrean, aldarrikapena eta jai uztartzen dituen egitarau baten baitan.
"Gazte izatea adin kontu bat baino gehiago da, errebeldetasunaren ikurra da, aldaketa ikurra. Gu gara etorkizuna eta guri dagokigu etorkizun hau eraikitzea. Gazteok iraultzarako, amets egiteko, erroko aldaketa burutzeko, ... dugun gaitasuna probestu eta Euskal Herri aske eta sozialistaren norabidean kokatzeko prest gaude, finean gazteon bizi baldintzak hobetuz. Honetarako, gazteok, ez gara inoren zain egongo, gure bidea marraztu behar dugu. Gure errealitatetik eta gure ikuspegitik egoera iraultzeko tresnak erabaki eta martxan jarri beharko ditugu", adierazi dute mugimendu berriko eragileek.
Esku hartzera deitzen dute, sarean bideo bat ere jarri dute: "Etorkizun hobe bat lortzeko bidean, denok gara beharrezkoak, ni, zu eta bera; gu, zuek eta haiek!!! Beraz, entzun, hitz egin, hausnartu, kritikatu eta PARTE-HARTU!!! GAZTE ZUKGUA!!! NORBANAKOTIK KOLEKTIBORA!!! (http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=DgUzX5GPKHQ) ZUK NAHI DUZUN DOINU ETA NEURRIAN!!! #GUPRESTZU?"
Bertso afaria; txartelak salgai
Mugimendu berriaren aurkezpena dela eta, ostiral eta arratsalde iluntze parterako ekitaldi desberdinak antolatu dituzte. Tartean, bertso-afaria. Txartelak salgai daude. Egitarau osoa, hemen:
19:00 Trikipoteoa Aitzagatik abiatuta.
20:00 Herrirak deituriko kontzentrazioa.
20:30 Gazte proiektu berri baten aurkezpen ekitaldia.
21:30 Bertso afaria Ane Labaka eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin. Sarrerak salgai 10 eurotan irailaren 27ra arte; Aitzagan, Txiribogan eta Irratin.