"Euskaraz bizi nahi dut", aldarrikatu dute ia 200 lagunek

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 24a, 00:00

Haur, gazte eta heldu, korrikan batzuk, bizikleta gainean besteak, aurrerago batzuk, atzerago besteak, baina guztiek euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu nahi izan zuten larunbat arratsaldean. Kontseiluak, Usurbilgo Udalak eta hainbat herri eragileek (Etumeta AEK, Itaya, Udarregi Ikastola, Baxurde Txiki, Noaua!) eginiko deialdiarekin bat egin zuten ia berrehun lagunek. Euskararen aldeko lasterketak, Kiroldegia izan zuen abiapuntu eta helmuga. Kaxkoa eta jaietan murgildua zegoen Santuenea lotu zituen. Bi urtean behin Usurbildik igaro ohi den Korrika ekartzen zuen gogora "Euskaraz bizi nahi dut" lasterketak. Hain zuzen, lasterketa buruan, auto bat zihoan musikarekin ekimena girotuz. Atzetik lasterkariak, "Euskaraz bizi nahi dut" kamisetekin udalerri osoan euskararen aldarria hedatzen.

Lasterketan izena eman zutenek gainera, amaieran hainbat sariren zozketan parte hartzeko aukera izan zuten. Ondokoa bezalako antzeko irudiak errepikatu ziren Euskal Herriko beste 60 udalerri baino gehiagotan. Herri guztiotan, Kontseiluak, lekuan lekuko udal eta eragile desberdinekin, egun eta antzeko ordutegian, lasterketa bana antolatu baitzituzten herenegun.