Datozen hauteskundeetarako mahaikideen zozketa, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 25a, 00:00

Uda osteko lehen osoko ohiko bilkura burutuko da gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera, udalbatza aretoan. Zortzi puntuko gai zerrenda osatu dute astearte honetako saiorako. Besteak beste, urriaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean bozkatzeko jarriko diren mahaiak nortzuk osatuko duten jakingo da gaurkoan. Mahai kideen zozketa burutuko dute eta osoko bilkuran bertan. 
 
Bestelakoan, udal baratzak, kale izendegiaren eguneratzea, Eguneko Zentroko kontratu luzapena, UEMAko ordezkaritza eta Bake Epaitegiko langileen hautaketak izango dituzte hizpide nagusi. Amaieran, gaixo dauden presoen eskubideen inguruko mozioa aurkeztu eta bozkatuko da. Zehaztasun gehiagoz, hona hemen, udal ordezkariek astearte honetako osoko bilkuran jorratuko duten gai zerrenda:

1-Aurreko bilkurako aktaren onespena:
-2012/07/27ko bilkurako akta.

2-2012ko urriaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako mahaikideen zozketa.
3-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-6 (Agerreazpi) Sektorearen garapenak eraginda, kale izendegia eguneratzea.
4-Usurbilgo udal baratzen emakida eta erabilera arautzeko erregelamenduaren aldaketa hasieraz onartzea.
5-Usurbilgo Eguneko Zentroko ustiapen emakida esleituta duen Gestión de Servicios Residenciales S. Coop, enpresaren kontratua urtebetez luzatzea.
6-UEMAko Batzar Nagusian parte hartzeko udal ordezkarien ordezkoak izendatzea.
7-Usurbilgo Bake Epaitegiko epaile titularraren eta honen ordezkoaren hautaketa.
8-Galderak, eskaerak eta mozioak.
8.1.- Preso gaixoen eskubideen aldeko mozioa.