Saltoki eta tabernak, enpresak, erakunde publikoak... pertsiana jaitsita dutela esnatuko dira bihar goizean, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta gizarte eragileek deitu duten greba orokorra dela eta. Usurbilen, Udarregi Ikastolan eguneroko jarduna etengo dute bihar. "Udarregi Ikastolako langileriak irailaren 26rako eginda dagoen greba deialdiarekin" bat egiten duela berri eman dute hain zuzen, web orri bidez. "Beraz, irailaren 26an ez da klaserik izango", ohartarazi dute.
Usurbilgo udal langileak ere grebara doaz bihar. Greba orokorrari begira hain zuzen, bandoa kaleratu zuen atzo Usurbilgo Udalak. "Udal langileek eta Garbitania Zero Zabor S.M.-k ELA eta LAB sindikatuek deituriko greba orokorrarekin bat egitea erabaki dute. Ondorioz, irailaren 26an ez da hondakin bilketarik egingo. Egun horri dagokion paper eta kartoien bilketa hurrengo asteazkenean egingo da, urriak 3an. Herritarrei, asteazkenean, irailak 26an, hondakinik atera ez dezaten dei egiten zaie. Eskerrik asko. Mertxe Aizpurua".
NOAUA!-ko lan taldeak ere bat egingo du biharko greba egunarekin. Itxita egongo da egoitza eta ez dugu web orri hau eguneratuko. Bestalde, irailaren 28ko astekariaren banaketa ere egun bete atzeratuko da. Asteazkenean hasi ordez, datorren astekaria ostegunetik aurrera hasiko gara etxez etxe banatzen.
Eusko Jaurlaritzak finkatutakoari jarraiki, Euskotrenen eta Lurraldebuseko gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izango dira bihar. Informazio gehiago: euskotren.es helbidean. Larrialdi zerbitzuek edota ospitaleek igande eta jai egunetan bezala lan egingo dute.